5.000 euroko ekarpena egin diote Cadizeko langileen erresistentzia kutxari Tubacexeko langileek. Ordezkaritza bat joan zen Aiaraldetik bertara herenegun, elkartasun mezua eta babes ekonomikoa helaraztera. Izan ere, 4.500€ baino gehiago bildu dituzte Tubacexeko beharginen artean, greba mugagabea hasi duten bertako langileen borroka babesteko. Ekimenak oihartzun handia izan zuen atzoko egunean hedabideetan eta sare sozialetan.
"Hau ez da muga eta sektore kontua. Batasuna behar da, berdin du zein sektore edo naziokoak garen, denok gara berdinak, langileak gara"
Ixone Retes LABeko ordezkariak hartu zuen hitza, Tubacexeko langileen izenean. Borrokan dauden kideei luzatu zien baikortasun mezua: "Asko gustatzen zaigu hemen horrenbeste jende ikustea. Denok klase berekoak garela erakusten ari gara, langileria". Alabaina, biolentzia hitzak lan-munduan duen eraginaz ere mintzatu zen amurrioarra, ehunka lagunen aurrean: "Aski da, pixkanaka hiltzen ari gara. Eroso bizi nahi dute, baina aski da, hau basakeria da. Biolentzia da enplegua suntsitzea, langileak esklabututa izatea. Zentzu horretan, Tubacexen 236 greba egun igaro eta gero , irabaztea posible dela esan nahi dizuegu. Ez dira garaiezinak, eta aurre gein dakieke". Euskal Herritik Andaluziara elkartasun bidaia egitearen arrazoia ere azaldu zuen Tubacexeko langileak: "Hau ez da muga eta sektore kontua. Batasuna behar da, berdin du zein sektore edo naziokoak garen, denok gara berdinak, langileak gara. Aski da, nazkatuta gaude eta irabazi egingo dugu!".
Komunikabide askotan jaso dute ekimenaren berri:
- Naiz
- Diario de Noticias de Alava
- EPE (Andaluzia)
- CTXT
Naiz komunikabidean azaldu dutenez, poliziak Tubacexeko ordezkariak identifikatu ditu eta euren furgonetan miatu du. Tubacexeko beharginek eskualdeko bizilagunei ere luzatu diete metal grebako kideak babesteko deia, Fiare Banku Etikoaren bitartez dohaintzak eginez.