AIARALDEA SUSPERTZEKO PLANA

24 eta 26 milioi euro artean utziko ditu Eusko Legebiltzarreko plan sozioekonomikoak Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 25a, 17:36

Eskualdeko eragile ugarik hartu zuten hitza ponentziaren osaketa prozesuan.

Gaur bozkatu du Eusko Legebiltzarrak Aiaraldeko plan sozioekonomikoaren ondorioen txostena eta talde gehienek egin dute horren alde. 24 eta 26 milioi euroko inbertsioak utziko ditu eskualdean.

Gaur bozkatu du Eusko Legebiltzarrak, bi urtez landu eta gero, Aiaraldea suspertzeko plan sozioekonomikoaren txostena. Testua osatu duen batzordeak 40 agerraldi jaso ditu. Planak 24 eta 26 milioi euro arteko inbertsioak ekarriko ditu Urduña, Amurrio, Aiara, Laudio, Okondo, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Artziniega eta Arakaldora. 

EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta PP-Ciudadanos alderdien babesa jaso du ekimenak eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin da. Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkidea harremanetan jarri da Aiaraldea Komunikabidearekin azaltzeko bere koalizioari zapore gazi-gozoa utzi diola azken emaitzak, baina, aldi berean pozik daudela zenbait ideia txertatu dituztelako. Adibidez, Nerbioiko parke lineala, sukalde zentrala, hiltegiak edo kultura suspertzeko plana EH Bilduk proposatu ditu.

Inbertsioak

Gaur onartu den testua izango da oinarria talka plana eta plan estrategikoa garatzeko. Talka plana hiru hilabetetan amaitu beharko du horretarako kontratatutako enpresak eta estrategikoa, aldiz, 10 hilabetetan. Zentzu horretan egitasmo gehienen nondik norakoak -kokapena, enpresak...- ez dituzte zehaztuko bi plan horiek bukatu arte.

Diru gehien jasoko duen lan ildoa industria izango da, 10 milioi euro bideratuko baitituzte.

Edonola ere, dokumentuak argi jasotzen duen aldea da eskualdera bideratuko den diru kopurua:

  • Industrian 10 milioi euro inbertituko dira. Ildo nagusiak izango dira tokiko enpresen modernizazioa eta abandonatutako lursail eta eraikin industrialen birgaitzea.
  • Enpleguan eta Lanbide Heziketan 2 edo 3 milioi erakarriko ditu ponentziak. Besteak beste, Lanbide Heziketako modulu berriak eskainiko dira tokiko ikastetxeetan.
  • Hiri eraberritzean 3 edo 4 milioi euro gastatuko dituzte eta diru horren zati bat erabiliko da behin behinean ostatu hartzeko etxebizitzetan.
  • Azpiegituretan eta mugikortasunean 4 edo 5 miloi euroko inbertsioa egingo da. Adibidez, Nerbioiko parke lineala Arrankudiagaraino eta Urduñaraino luzatuko da eta eskualdeko tren geltokietan hobekuntzak egingo dira irisgarritasun eta segurtasunean. Mugikortasun elektrikoa sustatzeko karga puntuak ezarriko dituzte.
  • Turismoan eta kulturan milioi 1 eta 1,5 arteko bitartekoak baliatuko da. Upategien eta txakolinaren ibilbideak hartuko du zati bat eta kultura suspertzeko plana ere prestatuko da.
  • Merkataritza dinamizatzeko 250.000 eta 500.000 euro arteko aurrekontua egongo da.
  • Lehen sektoreak 2 milioi euroko ekarpena jasoko du. Hala ere, egitasmoak ez dira oso argiak. Izan ere, Laudioko Hiltegia berriro irekitzeko saiakera aipatzen da. Urduñan hiltegi txikia prestatzeko bideragarritasun plana ere aztertuko da. Eskualdeko ikastetxeak eta nagusien egoitzak hornitzeko sukalde zentrala bideragarria ote den ere landuko da diru horrekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide