Gaur Laudion egin dute Aiarako Kuadrillako bilkura. Bi ordu iraun du bilerak eta, besteak beste, behin betiko itxi dute urteak hartu dituen eztabaida. Izan ere, denbora luzez ezbaian egon da kuadrillako egoitzaren kokapena zein izan behar den. Modu ez ofizialean, Aiaran egon da orain arte.
Azkenean, adostasun zabalarekin, erakundeak ondorioztatu du Aiara dela tokirik egokiena bere eraikina hartzeko. Alderdi guztien babesa izan du egitasmoak, Omniarena salbu. Alderdi independenteak uste dut egoitza Laudion egon beharko litzatekeela. Dena den, talde laudioarrak ez du kontrako botoa eman, abstenitu da, Aiara ere aproposa dela iritzita.
Aiarako udalerriak hartuko du Aiarako Kuadrillaren egoitza. Arabako Batzar Nagusiek foru aldatu beharko dute horretarako, eta tokiko erakundeak eraikinaren beharrak definitu beharko ditu, espazio egokiena topatzeko.
Gentza Alamillo alkateak eskerrak eman dizkie Aiarako Kuadrillako ordezkariei eta Aiaraldea Komunikabideari azaldu dio zein izango den prozedura hemendik aurrera: "Alde batetik, Arabako Batzar Nagusiek foru araua aldatu behar dute, eta Laudiotik Aiarara igaroko da eskumen hori. Bestetik, kuadrillak berak ezarri behar ditu eraikinak izango dituen beharrak. Azkenik, eraikin egokia bilatuko da Aiaran, beharrei egokitutakoa, eta ikusiko da inbertsioak beharrezkoak izango diren".
2022ko aurrekontuak
Gai ugari landu dira gaurko bilkuran. Alde batetik,4.547.000 euroko aurrekontua onartu dute 2022rako. Alderdi guztiek egin dute alde, Okondo Aurrerak eta Omniak salbu.
Horrez gain, aho batez onartu dira Euskararen Nazioarteko Egunaren eta Azaroaren 25eko (Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna) adierazpen instituzionalak.
Adostasun hori ez dute izan AP-68 Doan plataformak aurkeztutako mozioarekin. EH Bilduk kritikatu du EAJk eta PSE-EEk onartu nahi duten lege aldaketa, zenbait proiektu publiko interes orokorrekoak bezala definitzeko eta gauzatzeko udalerrien Hiri Antolamendu Plan Orokorra aldatuta.
AP-68ri buruzko testuak Aiara Batuz, Okondo Aurrera eta Omniaren babesa izan du soilik. PSE-EE eta EAJ aurka azaldu dira eta EH Bildu abstenitu da.
EH Bilduren mozioak, aldiz, independenteen aldeko botoa izan du, baina ez du aurrera egin, jeltzaleen eta sozialisten kontrako jarreragatik.