AZKEN ORDUKOA

Bertan behera utzi dute Aiaraldeko Euskararen Eguna

Txabi Alvarado Bañares 2021ko aza. 30a, 14:03
Aiarako Kuadrillak, Aiarako Udalak eta Euskalgintza Kontseiluak hartu dute erabakia, aho batez. / Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua

COVID-19aren pandemiaren bilakaeragatik eta eguraldiaren aurreikuspenengatik hartu dute erabakia. Hala ere, jaia aurrerago egiteko konpromisoa hartu dute antolatzaileek. 

Larunbat honetan ez da Aiaraldeko Euskararen Eguna ospatuko. Hala jakinarazi dute Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, Aiarako Kuadrillak eta Aiarako Udalak gaur goizean plazaratutako ohar bateratuaren bidez. 

Bi arrazoi direla eta hartu dute erabakia: COVID-19aren pandemiaren bilakaeraren okertzea eta eguraldi aurreikuspena. "Atzo, gure eskualde osoa eremu gorrian sartu zen. Laster neurriak zorrozteko aginduak iritsiko direla uste dugu. Instituzioetan baina baita herritarren artean ere kezka sumatzen da. Gainera, azken egunetako euriteen ondorioz izan diren uholdeak zein astebururako eguraldi aurreikuspenek, ezin besteak, abenduaren 4ko jaia egiteko baldintzak ematen ez direla ondorioztatzera garamatza. 

Antolatzaileek aitortu dute ez dela erabaki erraza izan, "zaila eta mingarria" baizik, "baina egoerak hala behartzen gaituela ulertzen dugu". 

Aurrerago egiteko konpromisoa

Hala ere, jaia aurrerago antolatzeko konpromisoa hartu dute antolatzaileek, prest zuten "parametro eta programazioarekin". 

Bukatzeko, "eskerrik beroenak" helarazi nahi izan dizkiete jaiaren antolakuntzan murgilduta egon diren pertsona guztiei. "Gure aitortza eta esker ona azaldutako ulerkotasunagatik, erabaki honen kaltetu handienak diren profesionalei: soinu teknikari, antzerki konpainia, musikari... data berrirako guztiekin kontatzea espero dugu". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide