236 eguneko grebaren ondorioak ez dira amaitu eta Tubacex enpresako zenbait langileri heldu zaizkie administrazioek abiatutako isunak. Gutxienez, hiru zigorren berri izan dute. Batek 150 euroko kostua du eta badaude beste bi 3.000 eurokoak, baina azken bi horiek bertan behera uzten saiatuko dira helegiteen bitartez.
Hala, erresistentzia kutxa sortu eta kudeatu zuten kideek jakinarazi dute bitartekoak bideratuko dituztela errepresioa pairatzen ari direnei laguntzera. Zentzu horretan, isunak ordaintzeko prestutasuna adierazi dute, baita epaituak izango diren lagunei laguntzeko ere.
Erresistentzia kutxa martxoan eratu zuten Tubacexeko hainbat grebalarik, batzen ari zen dirua legeztatzeko eta modu gardenean kudeatzeko. Zentzu horretan, elkartasun ekonomikoa zentralizatu zuten eta laguntza behar zuten lankideei eman zieten dirua.
Grebalariek isunak jasotzen hasi dira eta antza, hiru zigor ekonomiko abiatu ditu administrazioak, 150 euroko bat eta 3.000 euroko beste bi.
Printzipioz, tresna horrek balio izan du grebak irauten zuen bitartean edozein grebalariren beharrak asetzeko. Baina orain, protestako errepresaliatuak babestea izango du helburu.
Erresistentzia kutxako kudeatzaile batek horrela azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari: "Orain ez dago diru askorik, baina jendeak maileguak itzultzen hasi bezain pronto, isunak jasotzen dituztenak edo epaituak izango direnak lagunduko ditugu".
Ekarpen boluntarioak jaso ez ezik, zozketak edota kontzertuak egin ziren grebalarien sostengu ekonomikoa hornitzeko eta elkartasuna egituratzeko ere balio izan zuen ekimenak, abuztuan egindako agerraldiak erakutsi zuen moduan.