Jose Manuel Villarejo polizia ohiaren adierazpenek albiste ugari uzten dituzte beti. Bere azkenengo hitzak, Espainiako Kongresuan "Kitchen" kasuari buruz esandakoak, izan ziren agian komikoenak, baina baita beldurgarrienak ere.
Komisario ohiak iradoki zuen Juan Carlos de Borboni CNIk hormonak ematen zizkiola bere sexu grina murrizteko, horrek estatuko zenbait erakunde kaltetzen zituelako. Nola ez, hitz horiek salto egin zuten hedabidetara, eta beste guztia ilundu zuten.
Hala ere, salaketa larriagoak ere egin zituen. Horietako batean, akusatuak erreferentzia egiten zion "Sección Pi" deritzonari. Villarejok behin baino gehiagotan aipatu du "estatu sakonaren" atal horrek -CNIk, finean- erabakitzen duela nork bizi behar duen, eta nor hil behar duten, estatuaren interesen arabera.
Villarejoren aburuz, sekzio hori bera hiltzen saiatu zen 2018an kartzelan, pozoi motaren bat erabilita. Poliziak salaketa hori egin zuen duela 6 hilabete eta urrian berriro Kongresuan abiatutako batzordera itzuli zenean "Kitchen" kasuari buruz aritzera, Rufianek galdetu egin zion berriro horri buruz.
Villarejok berretsi zuen duela 6 hilabete esandakoa eta adibide zehatzak eskatuta, Pitiusa auzia gogoratu zuen:
Tubacex eta Pitiusa
Villarejok berak oroitu bezala, Pitiusa auziak ehun lagun baino gehiagoren kontrako akusazioa ekarri zuen, informazio trafikoa egotzita. Horien artean jende ugari zegoen, baina Pitiusa kasuaren akusatu nagusia, Juan Antonio Rama Menendez zen.
Rama Menendez, antza, gizon osasuntsua zen, baina bere deklarazioa heldu baino 20 egun lehenago, ezustean, zendu zen,birus baten ondorioz. Polizia ohiaren aburuz, Pi sekzioa egon zen horren atzean.
Jose Manuel Villarejok aipatutako gaizkile konjurazioen artean dago Tubacex enpresak kontratatu duen ikerlaria bajan dauden langileak jarraitzeko
Eskualdeari dagokionez, horrek, nolabait, eragiten dio Tubacexi. Izan ere, EAEn atxiloketak ere egon ziren auzi horren harira. Atxilotuen artean egon zen Aitor G. S., ikerlaria, zeini leporatu zioten Guardia Zibil bati datu pribatuak erostea.
Detektibe hori ez da ezezaguna Tubacexeko langileen artean. Izan ere, enpresako beharginak jarraitu eta iruditan jaso ditu bajan egon diren bitartean. Biren kaleratzeak bere lanean oinarriturik egon dira eta epaitegian deklaratu du, gutxienez, beste baten aurka. Hain zuzen, langile horrek egin zuen Pitiusa auziaren lotura.
Villarejo eta sinisgarritasuna
Jose Manuel Villarejo ez da, inondik inora, fidagarritasuna sortzen duen tipoa. Ion Inarritu EH Biduko diputatuaren aurrean defendatu zuen sutsuki gerra zikina ETAren aurka; eta bere iritziz, estatuko estoldek ez dute demokrazia kutsatzen, garbitzen baizik.
Gauzak horrela, argi dago batzordeetan esandako hainbat gauza gezurra edo egi erdiak izan daitezkeela, edota mezu enkriptatuak mehatxatzen dutenentzat edo Kitchen kasuari buruz ez deklaratzeko jokaldiak. Izan ere, Kitchen kasuak Luis Barcenasen fitxategiak eskuratzeko abian jarritako legez kontrako operazioak aztertzen ditu.
Bestalde, ukaezina da Villarejok harreman zuzena izan duela jende boteretsu ugarirekin: Barne Ministroak, politikariak edota enpresariak. Rufianek bere agerraldian esan zuen moduan, Kongresura joaten den bakoitzean, PP eta PSOE dardarka hasten dira.
Hori esanda, egia da ere hainbat hedabide saiatzen direla poliziaren hitz guztiak zalantzan jartzen edo alboratzen, atzean egon daitezkeen egiak argitu ordez. Dudarik gabe, Villarejok deskribatzen duen enpresari, polizien eta politikarien giro iluna ez da atsegina erakustea, hasteko, lanpostua galtzeko arriskua dagoelako.
Edonola ere, eta hori guztia alboratuta, galdetzeko modukoa da Tubacexek, guztira 40 ikerlari egonda EAEn, zergatik kontratatu zuen bere langileei jarraipenak egiteko, kasualitatez, horrelako auzi ilun eta susmagarri batean inputatutako gizonezkoa. Izan ere, 2012an hasi ziren Pitiusari lotutako atxiloketak eta 2017an hedabideetan agertu zen ikerlari horren aurkako 35 urteko kartzela zigorra eskatu zuela fiskaltzak.
Finean, Pi sekzioa existitu edo ez, zerk bultzatu zuen Tubacexeko zuzendaritza horrelako trama batean zegoen pertsona bat kontratatzera?