Bi auto istripu jazo dira gaur Aiaraldean, baina zorionez ez da zauriturik egon. Lehenengo ezbeharra 9:45ean gertatu da Luiaondo eta Laudio artean, A-625 errepidean. Bi autok talka egin dute eta Ertzaintzak adierazi du garabi batek eskuhartu duela ibilgailu bat eramateko, txapan kalte handiak baitzituen.
Bestalde, Laudioko herrigunean ere istripua egon da 13:00ak aldera. Hain zuzen, Zumalakarregiko etorbidearen 59. zenbakiaren inguruan izan da, zehazki, bidegurutzearen eta Ertzaintzaren errotondaren artean.
Udaltzaingoak azaldu duenez, puntu horretan dagoen zebrabidean oinezko bat ari zen igarotzen, eta auto gidariak balazta zapaldu du ez harrapatzeko. Ibilgailu horren atzean zegoen berebilak atzetik jo du eta kalteak eragin ditu talkak bi autoetan. Hain zuzen, jo duenak aurreko aldea txikitu du.
Edonola ere, ez da giza kalterik egon. Kristalak eta koipea geratu dira istripuaren lekuan garabiak autoa eraman duenean, eta udaltzainak geratu dira trafikoa bideratzen, garbiketa zerbitzuaren zain.