Argitaratu berri da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 153. zenbakia. Urteko azken argitalpena da honakoa, eta ohikoan baino orri gehiago izango ditu. Izan ere, ohikoan baino 8 orri gehiago izango ditu, 40 guztira. Elkarrizketak eta erreportaje mamitsuak aurkituko ditu irakurleak bertan.
Dolu perinatala argitara
Dolu perinatala da azken zenbakiko gai nagusia. Haurdunaldian edo jaio berritan hil diren haurren galerak gehienetan isilpean geratzen den samina dakarte, eta gizarteak errealitate hori ezkutatzen du. Gaiaren inguruan sakontzeko Aintzane Oiarzabal Zuatzako bizilaguna eta Esku Hutsik elkarteko kidearekin elkartu da Aiaraldea Komunikabidea.
Elkarrizketa eta erreportaje gehiago
Zorroza Gestión de Residuos enpresak ere protagonismoa hartu du agerkarian. Aiarako Udalak 108.000 eta 12.000 euroko bi isun ezarri dizkio legez kanpoko jarduerak burutzeagatik. Aiaraldea Komunikabideko lantaldeak Udalaren eta Osalanen txostenak ikertu ditu, eta ugariak izan dira hondakin kudeaketa enpresak egindako arau-hausteak.
Mendizaleen artean bolo-bolo dabilen gai bati ere heldu dio hamabostekariak: Euskal Selekzioko mendi korrikalariek uko egin diote 2022an Euskal Herria ordezkatzeari EMF Federazioak selekzioko hautatzaileak kaleratzeko hartu duen erabakia salatzeko. Gaizka Barañano amurrioarra da hautatzaile horietako bat, eta Federazioarekin izandako talken nondik norakoak azaldu ditu.
Gabonetako gehigarri berezia
Azkenik, Gabonetako gehigarri berezia aurkituko du irakurleak hamabostekariko orrien artean. Gabon sasoian Aiaraldea kontsumitu, oparitu eta gozatzeko gida da. Olentzero eta Mari Domingiren kalejiren hitzorduak eta Gabonetako otorduetan kontuan hartu beharreko aholkuak ere jasotzen ditu gehigarriak.
Banaketa puntuak
Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, ikastetxe eta kaleetan. Honako banaketa puntu hauetan topatu daiteke, besteak beste:
- Aldai plaza (Laudio)
- Abasto plaza (Laudio)
- Luiaondoko supermerkatua
- Laudioko kiroldegia
- Artziniegako frontoia
- Atxetako Dia
- Amurrioko Eroskia
- Orozkoko frontoia
- Urduñako supermerkatuak
- Faktoria (Laudio)