Oso betea izango dute agenda Olentzero eta Mari Domingik datozen egunetan. Hainbat zita dituzte programatuak hemendik eta abenduaren 24ra arte. Okondo eta Añes bisitatu dituzte dagoeneko, eta eskualdeko gainontzeko herrietan egongo dira datozen egunetan.
Asteburu honetan hasiko da ekintza maratoia. Larunbatean (abenduak 18) Amurrioko San Roke auzoa bisitatuko du Olentzerok. Hala ere, zita horretara bertaratzeko aurretik izena emanda egon behar da Turismo Bulegoan.
Mari Domingi, bere aldetik, Urduñan egongo da igandean. Udalak 10:00etan jarri du zita Foru plazatik Maridomingiren etxolara joateko. 17:00etan, aldiz, Kirikiñoren Laudioko basoa bisitatuko dute bi pertsonaiek.
Abenduaren 23 eta 24ko zitak
Hilaren 23an "Olentzero jaia" egingo dute Artziniegako Arteko Gure Ama Eskolan, 10:30ean. Arratsaldean, aldiz, Arakaldon egongo dira bi pertsonaiak.
Biharamunean izango dute txanpa gogorrena, eskualdeko herri gehienetan arituko baitira kalejiran. Arrankudiaga-Zollo ere bisitatuko dute, baina oraindik ez dute guztiz zehaztu non egingo duten topaketa. Aiaraldea.eus atariko Agendan topatu daiteke eskualdeko deialdi guztien gaineko informazio eguneratua.
ABENDUAK 23
- Arakaldo: 19:30etan Olentzero eta Mari Domingiri harrera, Herriko plazan.
ABENDUAK 24
- Amurrio: 16:00ean Olentzerori harrera Felix Murga auzoan. 18:00etan harrera plazan
- Orozko: 16:30ean kalejira egoitzatik abiatuta. 17:30etan harrera.
- Artziniega: 17:30ean kalejira Geltoki Plazatik
- Areta: 17:30ean Olentzero eta Mari Domingiri harrera Plaza Berrian
- Laudio: 18:00etan Olentzero eta Mari Domingiri harrera, Herriko plazan
- Arrankudiaga-Zollo: 17:00etan Olentzero eta Mari Domingiren kalejira Garondotik