Amaitzear dago 2021a, eta eskualdeko hainbat musika taldek datozen asteak baliatuko dituzte urteko azken kartutxoak erretzeko. Amurrioko Musika Eskola da talde horietako bat. Abenduaren 21ean Amurrio Antzokian gabonetako kontzertua eskainiko dute, arratsaldeko 19:00etan. 22an, aldiz, Hasperen abesbatzaren emanaldia egongo da, 19:30ean Santa Maria elizan.
Bi Hotsak eta Laudioko Musika Banda
Amurrio Antzokia hautatu du baita Bi Hotsak abesbatzak Gabonetako kontzertua oholtzaratzeko. Larunbat honetan (abenduak 18) izango da zita 20:00etan. Sarrerak 6 euro balioko du, 5 euro aretoko bazkideentzat. Laudioko Musika Bandak, bere aldetik, abenduaren 26an gauzatuko du Gabonetako kontzertua, 20:00etan Laudioko San Pedro elizan.
Gaur, ordea, Orozkon egongo da zer entzun. Trikiti, pandero eta txalaparta kontzertua taularatuko dute musika eskolako ikasleek Donibane Aretoan, 19:00etan.