Hainbat sukaldaritza tailer eta ikastaro egingo dira Gabon sasoian Aiaraldean. Orozkoko Osabarena Hotelak sukaldaritza tailerra eskaini zuen atzo, Gabonetako errezetak irakasteko. Horrez gain, 6-15 urte bitarteko haurrentzako tailerra prestatu du abenduaren 27tik 30ra bitartean. Izena emateko 946 941 146 telefonora deitu behar da. Urduñan eta Aiaran ere hainbat ikastaro egin dituzte azken aste honetan.
Laudion lau tailer antolatu dituzte guztira, 12 eta 35 urte bitarteko gazteentzat, Zubiko Etxean. Errezeta begetarianoak ikasteko aukera egongo da abenduaren 27an, 10:00etatik 12:00etara eta 12:30etik 14:30era. Arrataldean, aldiz, ospakizun eta urtebetetze osasungarriak egiteko irizpideak izango dituzte hizpide, 16:00etatik 18:00etara eta 18:30etik 20:30era.
Hurrengo egunean antzeko eskema jarraituko dute: kirol nutrizioari buruzko saioak egongo dira goizeko txanpan. Arratsaldean, aldiz, sukaldaritza azkarra eta erraza landuko dute, mikrouhin labea lanabes moduan baliatuta.
Urtarrileko ekintzak
Urte berriarekin batera itzuliko da gastronomia Luiaondora. Muffinak eta gailetak egiten ikasteko aukera izango dute 12 urtetik gorako nerabeek, 10:30etik 13:30era bitartean. Ostiral honetan amaituko da izena emateko epea. Udalaren webgunean edo udaletxean egin daiteke inskripzioa.
Artziniegan urtarrilaren 4an eskainiko dute saioa, 11:30ean Gaztelekuan. Parte hartzeko beharrezkoa izango da inskripzioa betetzea, toki berean, plaza mugatuak egongo baitira. Hurrengo egunean, ordea, talo tailerra egingo dute Toñin Luengas frontoian, 17:30ean.