Gabonetako langostino kopuruak baino, mahai bueltako emozioek dute garrantzia. Hala uste du Maite Garcia iriologoak eta osasun adituak. "Bazkari bueltan emozio asko kudeatzen ditu gorputzak. Ez da soilik garrantzitsua hartzen dugun janaria, inguruneak ere eragiten du. Ez du efektu berdina entsalada bat lasai jateak, edo estresatuta irensteak. Emozioak ez dira inoiz kontuan hartzen eta asko eragiten dute", nabarmendu du. Horregatik uste du Gabonak ez direla gorputza edo elikadura zaintzeko garaia: "Jendeari hamabostaldi honetan elikadura zaintzea baino, emozionalki zaintzea eskatuko nioke".
Elikadurak eragin fisikoa baino, emozionala du norbere gorputzean haren hitzetan: "Zoriontsu gaudenean xerononina eta oxitozina gisako hormonak sortzen dira, eta estresatuta gaudenean kortisolak. Horietan, gainera, minbizi zelulak ekoizten dira".
“Ez da soilik garrantzitsua jaten duguna, nola jaten den baizik. Emozioek ere eragina dute gorputzean”
Garciarentzat, osasuna ez da jaten duguna bakarrik, "arnasten eta sentitzen duguna ere bada". Gorputzak bihotzerrea sortzea ez da txarra, bere iritziz: "Nik ez nuke inolaz omeoprazol bezalako botikaren bat hartzea gomendatuko, natur erremedioak badira: kurkuma, kamamila, belarra... Beste batzuk belar orujoa erabiltzen dute".
Orekan dago gakoa
Janari nahasketek urdailari lana handitzen diote. "Ardo kopa batek ondo sentiarazteko serotoninak askatuko baditu on egingo digu; baina pasatzeak ez. Horregatik da garrantzitsua oreka. Langostinoak jateak pozten bazaitu, 4 jan, ez 12. Orekan dago gakoa. Ondo sentitzeko ez da arkume errerik behar".
Eragin emozionala
"Emozionalki osasuntsu egotea oso garrantzitsua da, bakoitzak odno sentiarazten duenari heltzea, baina orekatuta beti ere". Izan ere, gaixotzea faktore desberdinen ondorioa da: "Biriketako minbizia dutenen %50 ez dira erretzaileak. Txinako medikuntzak arnasketa arazoak antsietatearekin lotzen ditu, bizimoduarekin. oso garrantzitsua da ez gaixotzeko osasun emozional ona izatea".
Hori dela eta, Gabonak gozatzeko baliatzeko deia egin du: "Jendea emozionalki oso gaizki dago. Orain garrantzitsuena ez da langostino gehiegi ez jatea, bakoitzak ondo egoteko behar duena egitea baizik".