Hainbat elkarretaratze egin dituzte Apdemako langileek aste honetan Arabako Batzar Nagusien aurrean, “Apdemako lan-hitzarmenaren negoziazio kolektiboan lortutako akordioak bermatuko dituzten foru aurrekontuak eskatzeko”. Hala azaldu du enpresa batzordeak komunikabideei bidalitako ohar baten bidez.
Asteartean bozkatu zituen Aldundiko Gizarte Ongizaterako Batzordeak Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen aurrekontuen zuzenketa partzialak. “Elkarrekin Podemos Araba eta Alderdi Popularra batzarkide taldeek zuzenketa bana aurkeztu zuten, 350.000 euroko aurrekontuarekin, Apdemako Lan Hitzarmenean sinatutako lan-baldintzak bermatzeko”, azaldu dute langileen ordezkariek.
Nabarmendu dutenez, Apdemako langileek “oinarrizko zerbitzu publikoetan” egiten dute lan. Horregatik, zerbitzu horien erantzukizuna Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeari dagokiola aldarrikatu dute. Baina, salatu dutenez, Gizarte Politiketako Diputatu Emilio Solak adierazi du ez duela aurreikusten aniztasun funtzionalaren sektoreko langileentzako igoerarik, eta “azpikontratatutako langileen soldata-arrakala” areagotzen du horrek, “Apdemako negoziazio kolektiboan lortutako aurreakordioa urratuz”.
Pandemiaren testuinguruan “lehen lerroan” egon direla azpimarratu dute beharginek, baina EAJ eta PSE-EEk “ikusezin” bilakatu dituztela Arabako aurrekontuetan.
16 langile Aiaraldean
Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako bi etxebizitza kudeatzen ditu Apdemak Aiaraldean, Laudion bata eta Amurrion bestea. Hala azaldu dio Enpresa Batzordeak Aiaraldea Komunikabideari: “Bi etxebizitza hauek publikoak dira, hain zuzen ere Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundekoak. 16 lagun inguruk egiten dute lan azpiegitura horietan, eta beste persona bat dago aisialdi zerbitzuan”.