“Zein instrumentu jo nahiko zenukete?”, galdetu die irakasleak haurrei. “Pianoa”, esan du batek. “Kitarra elektrikoa”, beste batek. Beste bi haurrek esan dute ez dakitela zein instrumentu jo nahiko luketen, baina gehitu dute etxean badutela kitarra akustiko bat.
Aretako Kultur Etxean daude eskola ematen, baina ez da ohiko eskola bat. Teoria eta praktika erabat uztartzen dituzte, hasieratik. “Hori da proiektu hau beste batzuetatik ezberdintzen duena, haurrak lehen unetik bertatik hasten direla instrumentuak jotzen. Ez da teoria guztia jakin behar jotzen hasteko. Egia da hasieratik ez direla obra handiak jotzen hasiko, baina gai direla sentitu behar dute”.
Hala azaldu dio irakasleak Aiaraldea Komunikabideari. David Traya De La Torre da bere izena. Bartzelonan bizi zen arren, Bilbora joan da bizitzera, luthier formazioa jasotzeko. “Bartzelonan mota honetako beste proiektu batean nengoen, eta instrumentuen beharra zuten. Horregatik erabaki nuen musika tresnak egiteko formazioa jasotzera etortzea”.
Bilbon zegoela, Venezuelako musikari batzuekin harremantzen hasi zen, eta eurek proposatu zioten Aretako Kultur etxeko egitasmoan parte hartzea, irakasle moduan.
Venezuelako sistema
“Musika guztiontzat” da ikasturte honetan Aretan abiatu duten proiektuaren izena. Aretako gurasoekin elkarlanean garatu dute, eta Kultur Etxea izango du epizentro. Venezuelako haur eta gazteen orkestra eta abesbatza sisteman oinarritutako egitasmoa da. Baliabide gutxi dituzten haurrei musika eta musika tresnak eskaintzen datza ekimena. “Baina jende orori irekia dago proiektua”, nabarmendu du Trayak.
Eskolak doakoak dira, une honetan dauden haurren gurasoek borondatezko ekarpen ekonomiko bat egiten duten arren. “Instrumentuak eskuratzera bideratuko dugu jasotzen dugun dirua. Baina, berez, eskoletara etortzea da bete behar den baldintza bakarra”.
Musika tresnen biltegia
Eskolak abiatzearekin batera, beste ekimen paralelo bat abiatu dute Kultur Etxean: musika tresnen biltegia. Ahalik eta instrumentu gehien biltzea da asmoa, haurrek eskoletan baliatu ahal izateko, erostera derrigortuta egon gabe. Dohaintzen bidez atondu nahi dute biltegia. “Norbaitek etxean erabiltzen ez duen musika tresnaren bat baldin badu gure telefonora deitu dezake”, iradoki du irakasleak.
Haur orkestra
Helburu argia dute: orkestra bat sortzea, ezaugarri eta egoera sozial guztietako haurrekin. Esan eta egin. Gaur egingo dute orkestraren lehen emanaldia, 17:30ean Aretako frontoian.