Gaur iritsi da inprentatik Mugarriak Aiaraldea 2021 argitalpena. 200 orriko liburua da, eta errepaso zabala egiten die aurten eskualdean egondako gertakariei, analisi, argazki galeria edota kronologien bidez. Hainbat ataletan dago banatuta: Jendartea, Kirola, Hezkuntza, Politika, Euskara, Sozioekonomia eta Kultura.
Iritzi zutabe ugari ere topatuko ditu irakurleak urtekarian, honako aiaraldear hauen eskutik:
- Andoni Aldekoa de la Torre (EITBko zuzendaria)
- Ane Sautua Garcia (Ikama)
- Galder Calavia Barron (Ikasle Abertzaleak)
- Iraia Pereiro Urkijo (Aiaraldeko Mugimendu Feminista)
- Iratxe Osoro Vitores (Euskara irakaslea eta gizarte hezitzailea)
- Izaskun Garcia Bordagari (LAB)
- Itziar Larrazabal Gardeazabl (ELA)
- Lexuri Ugarte Aretxaga (Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko Zuzendaria)
- Susana Mendez Lertxundi (Naizen elkartea)
- Txani Rodriguez (Idazlea)
Horrez gain, ilustrazioak ere dakartza urtekariak, Eider Garcia, Rubi, Jabi Isasi eta Floren Usia marrazkilariek eginikoak.
Alkateei elkarrizketak
Politikaren atalean, aldiz, elkarrizketak dira nagusi, eskualdeko alkate guztiekin mintzatu baita Aiaraldea Komunikabidea, aurtengo jardunaren balorazioa egin eta 2022rako erronkak ezagutzeko. Horrez gain, udaletan ordezkatuak dauden gainontzeko talde politiko guztiei luzatu zaie iritzi zutabe bat plazaratzeko gonbita. Modu horretan, politika instituzionalaren aurtengo erradiografia zabala dakar urtekariak.
Doan eskura
Argitalpena doan eskuratu ahalko da eskualdeko saltoki, taberna, kiosko, liburutegi eta topaguneetan. Gaur arratsaldean ekin zaio banaketari.