EDITORIALA

2021. urtea: Kasu positiboak, kausetan ere

Izar Mendiguren Cosgaya (Aiaraldea Komunikabideko zuzendaria) 2021ko abe. 31a, 06:01
Ilustrazioa: Aimar Gutierrez Bidarte

Positiboen urtea izan da 2021a. Zenbakitan neurtu beharko bagenu, 365 egunek lurrari ez ezik, gure bizitzari -eta ondorioz, gure eskualdeari- eman diote bira. 20:00etan osasun langileei gure etxeko balkoietatik txalo egitetik, ia une oro koronabirusak eragindako pandemiaz mintzatzera igaro gara. Segurtasun distantziak distantzia soziala handitu du, osasun neurriek bailarako eragileen bizitza txikitu duten gisan. Baina, bada bizia. Are, Aiaraldean. Kasu positiboak nagusitu diren garaietan, kausa positiboak gailendu dira. Tubacexeko langileen greba mugagabearen aurrean, 'SOS Aiaraldea' plataformak makina bat jende mugitzeko makinaria jarri du martxan, manifestazio oso jendetsuak egin dira bailarako lan-etorkizunaren alde. Disko eta liburu berriak plazaratzea gasoila eta argindarra baino garestiago dauden unean, Euskadi Literatur Saria jaso du aiaraldear batek. Izenetatik harago, badago izana. Izan ere, euskara bezain bizia eta bizigarriak dira gure lurrak. 

Lurreratu ditugu gure ametsak, baita gorpuztu ere. Horren adibide da Faktoriaren irekiera bera ere, eskualdean euskararen espazio izateko eraikitako guztion etxea. Bertatik jarraituko dugu Aiaraldeko 9 udalerrietan euskara eta eskualdeko bizitza zabaltzen, pertsonak erdigunean jartzen, bazterrekoei ahotsa eta tokia eskaintzen, bestelako heziketa eta hezkuntza sustatzeko ekimenak sortzen, elikadura burujabetzari begirako baloreak landatzen, euskara zein feminismoa saretzeko dinamikak laberatzen... Sutan dago eltzea, eta bada nahikoa saltsa. Gozotik, garratzetik eta denetik utzi du 2021. urteak. Argitalpen honen bidez nahi ditu Aiaraldea Komunikabide Faktoriak urteko hari nagusiak informazioz josi, mugarri garrantzitsuenak historiaren armairuan jaso, portada izandako ekintzak mamitu. Finean, zuek (irakurleek, bazkideek, kolaboratzaileek, eragileek...) emandakoa itzuli. Eginiko lana aitortu, eta zabaldu. Pandemiak pandemia, aurrera baitoa bizitza. Baita Aiaraldea ere. Eta, aizue, bada garaia ohartzeko: eskualde aberatsa izateko ez da dirurik behar.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide