Mamu batek izutzen du Europa osoa eta munduaren herrialde garatuenak: aldaketa klimatikoak eta horri lotutako ondorio ekonomiko eta ekologiko guztiek. Glasgow hirian egindako gailurrak iradokitzen du baietz, planetaren muga fisikoek tartea dutela jadanik munduko potentzia ekonomikoen agendan, baina, aldi berean, topaketak utzitako emaitza eskasek adierazten dute oraindik inor ez dagoela prest anbizio handiko neurriak hartzeko klima aldaketa ekiditeko.
Bitartean, talkan dauden paradigma biek isla dute Aiaraldean. Alde batetik, CO2 eta negutegi efektuko isurketak gelditzea. Bestetik, eredu ekonomikoa dagoen moduan uztea, aurreko helburuarekin erabat kontraesankorra dena.
Dialektika horren gatazkak adierazpen anitzak izan ditu jadanik. Esaterako, Aiaraldean indar handiko mugimendua izan zen Frackingaren kontrakoa. Erregai fosilen apustuan oinarritzen zen proiektu ekonomiko horren aurka agertu ziren milaka herritar, epe luzerako txikizioa eta kutsadura ekarriko zituelakoan dagoen sistemaren egitura denbora tarte motz batez mantetzearen truke. Izan ere, erregaiak eta gasa daude orain eztabaidaren erdigunean.
Deskarbonizazioa eta CO2 murriztu beharra azpimarratzen den aro berri honetan, eskualdean Saratxoko errepidea eraikitzen ari dira, zeinak makinaria izugarria ekarri duen eta trafikoa areagotzeko aitzakia izango den
Alde batetik, bere erabilerak isurketak biderkatzen dituelako. Bestetik, argi dagoelako bitarteko mugatuak direla eta ematen duelako euren amaiera geroz eta gertuagoa dagoela. Edonola ere, erakundeek eta eragile ekonomiko handienek, badirudi ez dutela oraindik txipa aldatzeko asmorik eta argi berdea ematen jarraitu dute erregaien menpekotasunean sakontzeko azpiegiturei. Deskarbonizazioaren eta horniketa krisialdiaren eztabaiden erdian, Saratxon errepide erraldoia eraikitzen ari dira, hain zuzen, trafikoa ekiditeko neurriak hartu behar zirenean.
Errepide garraioan eta kamioietan oinarritutako proiektu gehiago iragarri dira azkenaldian, nahiz eta, momentuz, egikaritu ez diren. Horren adibidea da Laudion proiektatutako supermerkatu berria, zeinak tokiko ekoizleen lepoa gehiago estutuko lukeen. Tokiko ekoizpena, ekonomia zirkularra, beharren berlokalizazioa eta berdefinizioa izan beharko lirateke, aurreikuspen ekologikoei erreparatuta, premiazko lehentasuna. Ikusita energia iturriak topatzea eta, ondorioz, komerzializatzea geroz eta zailagoa izango dela (argindarrarekin ikusi daitekeenez), ezinbestekoa da horniketa katearen distantzia murriztea.
Horrek, aldi berean, CO2 isurketak murrizteko atea irekitzen du bi zentzutan: ibilgailuen ibilbideak txikiagoak eginda, baina baita txantxa dirudien beste puntu batean; abereek eurek sortzen dituzten isurketak digestioan -bereziki, behiek-. Oraindik fresko daude Alberto Garzonen hitzak, zeinak iradoki zuen etorkizunak beharko duela haragi gutxiago kontsumitzea, besteak beste, makro-abeletxeak kutsakorrak direlako eta bitarteko natural baliogarriak xahutzen dituztelako, ura, besteak beste.
Eredu horren antipodetan egon beharko litzateke tokiko ekoizle txiki batzuek jadanik abiatutako bidea, zeinak pentsuetan eta masifikazioan oinarritu ordez, inguruan dagoen bazka eta produkzio mugatu eta duina aintzat hartzen duen.
Ekonomia zirkularraren garapena beharrezkoa izango da horniketa katearen krisialdia eta kolapsoa gertatzen hasi den une hauetan. Horretarako ezinbesteko tresna da Laudioko hiltegia
Zentzu horretan, gehitu beharra dago kolpe latza izan dela Laudioko Udal Hiltegiaren itxiera. Ez bakarrik berriro ibilgailuak, bitartekoen kontsumoa eta garestitzea ekarriko duelako, tresna garrantzitsua eskualdetik kanpo kokatzen duelako baizik.
Tokikotasunean erroa duen eredu ekonomikoak beste zutabe bat behar du; bioaniztasuna. Ezaugarri hori inperatiboa da bi arrazoirengatik: habitat bakarrak baliabide anitzak izateko eta hondamendiak ez gertatzeko. Izan ere, katastrofe baten erdian dago eskualdea aspaldi, 'banda marroi' deituriko onddo izurritea dela medio. Pinudiak bete-betean jo dituen gaixotasunak ez ditu bere ondorio latzenak erakutsi oraindik, baina argi utzi du zein tresna gutxi dituzten monokultiboek horrelako gaitzei aurre egiteko.
Horren harira, berriro, bidegurutzean daude erakundeak eta lursail jabeak: pinuak kaltegarriak, baina errentagarriak, diren eukaliptoekin ordezkatu, akatsa errepikatuta eta kalte ekologikoan sakonduta (lurra lehortzen du espezie horrek), edo bestelako formula bilatzea.
Gorobelgo makro parke eolikoek erakusten dute zein faltsua den energia berriztagarrien eta erregai fosilen arteko dikotomia, deshazkundean eta autonomian oinarririk ez badu
Berriztagarriak VS erregaiak?
Aspaldi gizartean errepikatzen den dikotomia faltsua da energia berriztagarriak kontrajartzea erregai fosilak ordezkatzeko. Behin eta berriro errepikatu arren, petrolioak edo gasak sortzen duten energia kopurua ezingo dute inoiz berdindu parke eolikoak bezalako iturriek.
Hala eta guztiz ere, Aiaraldeak ikusi du bere eremuaren mugan (Gorobelen eta Jesurin, hain zuzen) parke eoliko erraldoiak eraiki nahi dituztela. Dudarik gabe, egitasmo horiek bioaniztasunean (gehienbat hegaztietan) eta ingurumenean eragin negatiboak izango dituzte eta aipagarria da paisaian izango duten inpaktua. Edonola ere, proiektu horien alderik okerrena da erregai fosilen mendekotasuna dutela oraindik ere oinarri; eraikitzeko zein mantenu lanak egiteko behar diren garabiak ez dira, inondik inora, elektrikoak eta derrigorrezkoa den paradigma berriari oztopatzen diote bidea. Beste modu batean esanda, etengabeko garapen kapitalistaren doktrina jasanezinean (biosferak dituen muga fisikoengatik) eragiten dute behin eta berriro makroproiektu horiek, zentzuduna den deshazkundea eta autonomoak zein komunitarioak izan beharko liratekeen energia azpiegiturei traba eginda.