Bigarren urtez jarraian, COVID-19ak eragindako osasun egoerak ezinezko egin du Bilboko manifestazio nazional jendetsua egitea. 80.000 eta 100.000 lagun artean elkartzen ditu urtarrileko mobilizazioak, eta data hau euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenaren barruan "ikur" bilakatu dela azpimarratu dute Sareko bozeramaileek. Hori dela eta, egun horretako aldarrikapena Hego Euskal Herriko herrietara mugitu dute antolatzaileek: "urtarrilaren 8 honetan inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu aldarrikapena bizirik mantentzea eta Euskal Herriko herri guztietako kaleak betetzea bidea egiten jarraitzeko: bizikidetzarako bidea, bakerako bidea, etxerako bidea".
Eskualdeko manifestazioa Laudion
Aiaraldean ere mobilizatuko dira euskal presoen etxeratzearen alde. Eskualdeko manifestazioa egingo dute urtarrilaren 8an -larunbata- Laudioko kaleetan barrena. Manifestazioa Aldai Plazatik abiatuko da, 18:00etan, eta eskualdeko bizilagunak elkartuko ditu.
Arrankudiaga-Zollon ere mobilizatzeko deialdia egin dute herritarrek. Manifestazioa egingo dute larunbatean, arratsaldeko 17.00etan, herriko plazatik abiatuta.
Iaz ere herrietan burutu zen Bilbon egin beharreko manifestazio jendetsua, eta ehunka lagun izan ziren Aiaraldeko kaleetara euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsan atera zirenak. Orduko hartan Amurrio, Arrankudiaga-Zollo, Urduña, Orozko, Okondo eta Laudion egin ziren manifestazio eta elkarretaratzeak.
Espetxe-politika aldatzeko beharra
Azken urte honetan urrats garrantzitsuak eman dira espetxe-politika aldatzeko bidean, eta asko izan dira Euskal Herriko espetxeetara hurbilduak izan diren euskal preso politikoak, baina Sarek nabarmendu du oraindik ere bide luzea geratzen dela egiteke: "euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako oraindik, eta gradu-progresioa blokeatuta dagoelako. Ondorioz, presoek ezin dute egin etxera itzultzeko prozesua".
Halaber, pandemiak presoengan eta euren senideengan izandako eragina ere azpimarratu dute manifestazioko deitzaileek: "pandemia honek eragin zuzena dauka presoengan eta haien senideengan. Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak".
Gauzak horrela "inoiz baino beharrezkoagoa" ikusten du Sarek aldarrikapenak bizirik mantentzea eta Euskal Herriko herri guztietako kaleak betetzea.