Azaroaren erdialdean Arabako Abokatuen Elkargoak jakinarazi zien bere kideei hilabete horretako 25. egunetik aurrera aldaketa nabarmena gertatuko zela euren lanean. Izan ere, Laudio eta Guardiako ertzainek atxilotutako herritarrei zerbitzua emateko, Gasteizko Lakuako komisaldegira jo beharko dute abokatuek.
Ertzaintzaren Lurralde Buruzagitzak hartu du erabakia eta, horren ondorioz, zenbait eskumen zentralizatu dira Gasteizen eta Bilbon. Horren arabera, Laudioko Ertzainetxeko agenteek eskualdean atxiloketa eginez gero, Lakuako azpiegituretara eraman behar dute herritarra, han ekinbideak irekitzeko eta epaitegietara bideratzeko.
Aiaraldea Komunikabideak atzo hitz egin zuen Ertzaintzaren prentsa bulegoarekin eta zerbitzuak ezin izan zion argitu Aiaraldeko Bizkaiko herrietan egindako atxiloketak ere Gasteizen kudeatuko diren edo, kontrara, Bilbora bideratuko diren. Erakundeak erantzun du ez duela hori argituko, "Ertzaintzaren barne antolakuntzaren afera" delako.