Arabako Foru Aldundiak dirua emango die 13 partikularri kultur ondare higiezinak zaharberritzeko eginiko esku hartzeengatik. Aiaraldeko 3 eraikin daude higiezin horien artean: Arespalditzako Atxa jauregia, Lantenoko Indianoaren Etxea eta Murgako Arakio auzoko baserri bat.
13 esku-hartzeen aurrekontua 509.259,5 eurokoa da guztira. "Esku hartzeetako bik gehieneko dirulaguntza jasoko dute, 30.000 euro, eta beste hiruk 19.000 eta 21.000 euro bitartean", zehaztu du Aldundiak, "gainerakoek 703,49 eta 4.883,24 euro artean jasoko dituzte".
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko arduradunak nabarmendu du diputazioak "konbentzimendu osoz" egiten duela lan "kultura ondarea, kasu honetan higiezina eta partikularrena, kontserbatzen eta zaharberritzen laguntzeko".