Euskararen normalizazioa Aiaraldean

Aiaraldeko euskalgintza, itsasargi berri baten sorkuntzan

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko urt. 8a, 13:41

‘Euskaraktibatu’ kanpaina abiatu du aurten Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. / Aiaraldea.eus

‘Birsortzen’ gogoeta estrategikoa bukatu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, datozen 5 urteetan euskara hainbat alorretan areagotzeko plana osatuta.

2016an sortu zen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua, eskualdean euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin. Geroztik, 44 entitatek egin dute bat entitatearekin, eta ez da alferrekoa izan eginiko bidea: instituzioetan eta politikan euskararekiko konpromisoak areagotzeko Bai we can kanpaina, Aiaraldean 30 egunez euskaraz bizitzeko erronka, Euskaraldiaren kudeaketa, Euskararen egun bateratuaren antolaketa... 

Denboraren poderioz, baina, bide berriak zabaltzeko apustua egin du kontseiluak, Christian Alemany Arteta sustatzaileak azaldu duenez: "Martxa geldituta zegoela iruditzen zitzaigun, eta birsortze lana egin dugu, egindako lana baloratu eta egiteko moduak aztertuta". 

Modu horretan berritu dute talde eragilea, urteko plangintza osatzeko. "2022. urtean Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak jauzia egin behar duela uste dugu", erantsi du.  Eskaintza berria plazaratu nahi dute horrela, "indarrak beherantza joan direla ikusita, datozen 5 urteetarako helburuak eta egitekoak" finkatzeko. Erronken prestaketan igaro dute urtea, baina "barne lan handia" egin dute aurrez. Besteak beste, banaka elkartu dira eragilea osatzen duten elkarte guztiekin, diagnostikoa osatzeko eta estrategia berria definitzeko. "Horrez gain, martxan genituen proiektuak elikatzen hasi gara berriro, pandemiaren eraginez etenda egon baitira", azaldu du. 

2022. urtean Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak “jauzia” ematea nahi dute, eta horretarako plangintza osatzen ari dira.

Horien artean daude Euskararen Agenda plazaratzea, euskalgintzako ekintzekin eta albisteekin eratutako buletina sortzea, edota webgunea egunerokoan elikatzea. Ildo beretik, udal hauteskundeen kanpainan abiatutako Bai we can dinamika berreskuratu dute, tokiko alderdi eta instituzioekin hizkuntzak emandako aurrerapausoak zein gabeziak mahaigaineratze aldera. 

Proiektu berriak

"Inoizko apustu handiena egin genuen Euskararen Egunarekin, nahiz eta azken  unean atzeratzea erabaki osasun egoera dela-eta", aitortu du. Finean, agente berriak inplikatu edo aktibatu nahi dituzte; horretarako ekintza edota guneak planteatuta. Esaterako, kirol taldeen arteko elkarlana zein tokiko kultur sorkuntza euskaraz zabaltzeko proposamenak ari dira sustatzen, protagonistei plazak eskainita. 

Aiaraldekoeuskalgintzakontseilua.eus webgunean jarraitu daiteke eragilearen proiektu eta jardun oro. 

8 lan ildo berri 

Gazteria, kultura, hezkuntza, lan mundua, migranteak, kirola, instituzioak, aisialdia eta barne eraketa proposatu dituzte lan ildotzat datozen urteetan eragiteko. Era horretan nahi dituzte aktibatu bailarako norbanako zein entitateak euskal hizkuntzaren sustapenean. 

Tresna edo proiektu anitzak aurreikusi dituzte horretarako. Horren adibide da 2021ean Amurrion eratutako 'Gurasoleku' dinamika. "Saltoa emateko, ordea, giza baliabide gehiago beharko ditugu; bai entitate bazkideak eta baita norbanakoak ere. Jende berria sartzea eta gaztetzea nahiko genuke plan estrategikoaren ondotik", azpimarratu du. 

Komunikazioa indartzea eta euskara erdigunean jartzea izango da beste erronketako bat, "gizartean ez delako horren ezaguna Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua". Elkarlanaren estrategia izango dute itsasargi, eta eremu berriak nahi dituzte argitu: "Hala badagokio plangintza estrategikoa onartu eta 2022an abiatuko dugu; ildo berriak irekiz". 

Gazteria, kultura, hezkuntza, lan mundua, migranteak, kirola, instituzioak, aisialdia eta barne eraketa dira datozen urteetan Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren ardatz izateko proposatutako lan ildoak.

Bien bitartean, hezkuntzaren eremuan, Gurasoleku proiektuaren bidez familietako hizkuntza ohituretan eragiten hasiak dira. Hain zuzen, Guraso euskaltegia, agenda eta Gurasolagun programak uztartu dtuzte.

Instituzioei dagokienean, berriz, udalgintzan egindako bidea aztertu eta hizkuntza politika indartzeko  harreman  bira bukatzear daude: "Bigarren bilera itzulia egin dugu jada udal guztiekin, eta aurki plazaratuko ditugu ondorioak".

Euskaraktibatu

"Mezu potentea eta osoa luzatu genuen Euskaraktibatu kanpainarekin. Alde batetik, euskalgintzan inplikatzea eskatzen du, eta bestetik mundu osoari euskara ikasi edo erabiltzeko bultzada ematen dio", oroitarazi du. 

Hala, euskara baliatu zein baliotzeari egin diote keinua: "Euskal kultura kontsumitzeko eta kontsumitzaile gisa euskara aukeratzeko". Euskararen Egunaren bitartez, adibidez, kultur sortzaileen azoka proposatu zuten, "euskararen kontsumoa bultzatzeko, euskal kulturari plazak emateko, sorkuntzan ari direnekin harremanak izateko, erreferenteak emateko gazteei, edota elkarlana bilatzeko". Kirolaren alorrean ere antzerako bidea jorratu dute, kirol eta mendi taldeekin, esaterako: "Horregatik antolatu genituen Euskararen Egunean txapelketak edota eskualdeko toki desberdinetatik ibilbideak". Christian Alemany Artetak aurreratu duenez, garai berrietara egokitzeko motorrak eta piezak martxan dituzte dagoeneko. Orain, itsasargiari jarraitzea, olatu berriak sortzea eta jendea bustitzea baino ez da falta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide