ARGAZKI GALERIA

Ehunka lagun atera dira kalera euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urt. 8a, 20:08

Ehunka lagun mobilizatu dira Aiaraldean euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko. Salbuespenezko espetxe-politikarekin amaitzea exijitu dute Laudion eta Arrankudiagan egin diren manifestazioetan.

Bilboko kaleetan egitekoa zen manifestazioa Hego Euskal Herriko udalerrietara mugitu du Sarek, eta Aiaraldean ere oihartzuna izan du aldarrikapen egunak. Ehunka lagun elkartu ditu 18:00etan Laudioko Aldai Plazatik abiatu den eskualdeko mobilizazioak. Euskal presoen etxeratzea eta salbuespenezko espetxe-politikarekin amaitzea aldarrikatu dute.

Arrankudiaga eta Zolloko herritarrak ordubete lehenago, 17:00etan, batu dira Sarek egindako deialdira Arrankudiagako plazan.

Etxerako bidean

Euskal Herriko ia 200 txokotan mobilizatu dira gaur milaka herritar euskal presoen eskubideen defentsan. Azken urtean espetxe-politikan aldaketa nabariak gertatu diren arren, oraindik ere bide luzea dagoela jorratzeko nabarmendu du Sarek: "Euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako oraindik, eta gradu-progresioa blokeatuta dagoelako. Ondorioz, presoek ezin dute egin etxera itzultzeko prozesua".

Pandemiak presoen zein hauen lagun edota senideen bizitzetan izan duen eragina ere ekarri nahi izan dute gogora manifestazio osteko ekitaldian: "Pandemia honek eragin zuzena dauka presoengan eta haien senideengan. Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak".

Hori dela eta, indarrak biltzen eta adostasunak bilatzen jarraitzeko deia egin dute, "elkarbizitzaren alde urratsak ematen jarraitzeko".

Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte, Gorka Chamorro eta Txomin Egiluz

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide