Gogorrak izan dira 2020 eta 2021 urteak Aiaraldeko hezkuntza komunitatearentzat. Konfinatutako gelak eta talde-burbuilak eguneroko ogia bilakatu dira hezkuntza zentroetan; baina dena ez da pandemiara mugatu eskualdeko ikastetxeetan. Eskualdeko hezkuntza zentroek garatutako hainbat proiektu bildu ditugu argazki erreportaje honetan, egitasmo bana ikastetxe bakoitzeko.
Amaurre Ikastetxea
Irlandako Claremorris udalerrian egon da Amaurre Ikastetxeko ikasle talde bat Finlandia, Malta eta Irlandako beste hainbat gazterekin batera. Hizkuntza gutxituak izan dira topaketen ardatza.
Aresketa Ikastola
KIVa Eguna antolatu zuen Aresketa Ikastolak azaroan, ikasleek tutoretza saioetan jarzarpenari buruz izandako elkarriketak, egindako lanketak eta jazarpena gelditu ahal izateko taldeak jokatzen dituen rolak irudikatzeko. Txikitan jazarpena jasan zuen Iñaki Zubizarretaren testigantza entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Arteko Gure Ama Ikastetxea
Arteko Gure Amako eskolan Arimen gaua ospatu zuten urriaren 29an, Euskal Herrian egon zen ohitura berreskuratzeko. Hiru elementu nahasten ditu ospakizunak: beldurra eta mozorroen arteko oreka, kantu-eskean ibiltzearen ohitura eta kalabazen erabilera.
Arrankudiagako Eskola
Arrankudiagatik igaro zen Kutxa Bira ekimen ibiltaria apirilean. Herriko plazaren erdian egin zuten ekitaldia. Eskolako haur eta gurasoek hartu zuten parte bertan, udalaren ordezkaritzarekin batera.
Etxaurren Ikastola
Etxaurren Ikastolan ere jarduera ugari egin dituzte aurten, pandemiak ezarritako egoerara moldatuta.
Aretako Eskola
Mural ugari egin zituzten Aretako Fabian Legorburuko ikasleek Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean.
La Milagrosa
Nerbioiko uraren kalitatea neurtu dute La Milagrosa ikastetxeko ikasleek. Uraren laginak hartu zituzten azaroan Gardea eta Aretako zonaldeetan eta duela hiru urte beste ikaskide batzuk hartutakoekin alderatu dituzte. Ondorio argia atera dute: uraren kalitatea ez da hobetu hiru urtetan.
Lamuza Eskola
Lamuza Eskolako patioa birmoldatzeari ekin diote. Parte hartze prozesua abiatu dute horretarako, haurren zein hezkuntza komunitatearen parte hartzearekin. “Oso ilusionatuta gaude”, aitortu dute zentroko kideek, “bidea emaitza bezain aberasgarria izango da, ziur!”.
Latiorro Ikastetxea
“COVID-19ak 2021ean eragin dizkigun zailtasun guztiak kontuan izanda, ikasturtea aurrera atera dugu”, azaldu dute Latiorro Ikastetxeko kideek, eta nabarmendu dute ohiko jarduerak mantendu ahal izan dituztela, “betiko ilusio eta gogo berberarekin”. Martxoaren 8an, adibidez, erakusketa antolatu zuten ikastetxearen kanpoaldean.
Laudio BHI
Erasmus+ proiektua abiatu dute Laudio BHIn, 40 ikasleren parte hartzearekin. Europako beste hiru ikastetxerekin arituko dira elkarlanean garapen jasangarriaren inguruko ekintzak diseinatzeko.
Laudio Ikastola
Araba Euskaraz jaia antolatu ostean, erronka berri bati heldu diote Laudio Ikastolako kideek. Hezkuntza zentroak 50 urte beteko ditu aurten, eta ekimen ugari egin nahi dituzte hori ospatzeko.
Laudioalde
Euskoskills 2021 lehiaketan parte hartu du Laudioaldeko Aratz Vicente ikasleak, soldaduraren modalitatean. EAEko Lanbide Heziketako 146 ikaslek hartu zuten parte norgehiagokan.
Mendiko Eskola
Mendiko Eskolan mural ugari egin zituzten azaroaren 25ean, indarkeria matxista salatzeko.
Okondo Eskola
Okondo Eskolan etorkizuna orain eraikitzen ari dira. Umeak erdigunean jarriz, ikasleak berdintasunean eta askatasunean heziz, sormena sustatuz... eta hau guztia, euskaratik eta euskaraz.
Orozkoko Eskola
Abesti bat grabatu zuten irailean Orozkoko Eskolako Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleek Ene Kantak taldearekin.
Urduñako Herri Ikastetxea
‘Urrifest’ jaialdia antolatu zuten urrian Urduñako Herri Eskolako patioan. Musika eta dantza bidelagun, dozenaka herritar bertaratu ziren ikastetxeko patiora.
Urduñako Andra Mari Ikastetxea
Young Business Talents (YBT) lehiaketaren 10. edizioaren azken faserako sailkatu ziren Urduñako Antzinako Andra Mari Ikastetxeko 2. batxilergoko hiru ikasle: Leire Garcia, Lucia Arana eta Miren Ortiz.
Zaraobe Institutua
Zaraobe Institutuko hainbat ikasle eta irakaslek proiektua abiatu zuten urte hasieran K@ntu K@ntari diskoan argitaratutako abestian oinarrituta. Erraldoiak eraiki, ipuin ilustratua sortu eta emanaldia atondu dute, besteak beste.
Zabaleko Eskola
Ikasle eta familien artean irakurzaletasuna sustatzeko ekimena jarri dute abian Zabaleko Eskolan: Motxila Ibiltaria. Gela bakoitzeko ikasleek bi astez motxila ibiltaria izaten dute etxean, ikasleek zein familiek zorroaren barruan dauden liburuetaz gozatu ahal izateko.