...Hiltzea zor
- Egilea: Zutik taldea
- Zigilua: Autoekoizpena
Uda hasieran plazaratu zuen Zutik taldeak bere lehen lana: ...Hiltzea zor. Urduñako Konjuntibitis estudioan egin zituzten grabaketa eta nahasketak, Jabi Palaciosen eskutik. Diskoaren azala, aldiz, Dani Cabrera artista laudioarrak osatu du. Zortzi abestiko bilduma osatu du Aiaraldeko laukoteak, punk eta hardcore doinuak kutsu politiko zein sozialeko letrekin uztartuta. Pandemia dela eta, ezin izan dute aurkezpen kontzertu askorik egin, baina entsegu lokalean sartuta dabiltza jo ta su, abesti berriak konponsatzen.
La Muse oubliée
- Egilea: Antonio Oyarzabal
- Zigilua: Ibs Classical
Martxoan aurkeztu zuen Antonio Oyarzabalek bere lan berria. Emakume konposatzaileek azken mendeetan pianorako idatzitako “harribitxiak” bildu ditu musikari laudioarrak bilduman, euren lana ezagutzera eman eta balioan jartzeko asmoz. Oso harrera beroa izan du proiektuak. Laudioarraren lana urteko 5 disko onenen artean dago, Estatu Batuetako Fanfare Magazine aldizkariaren arabera. BBC Classical, The Observer, The Guardian edota Classicfm hedabide ingelesek ere goraipatu dute grabaketa.
Gelditu da denbora
- Egilea: Kaserna
- Zigilua: Taupaka
Mr. Pongo taldearen errautsetaik sortu zen Kaserna taldea iaz, eta aurten plazaratu du lehen diskoa: Gelditu da denbora. Iker Arana urduñarrak jotzen du kitarra taldean. Gainontzeko taldekideak Bizkaiko beste udalerri batzuetakoak dira. Doinu aldetik, aniztasuna da taldearen ezaugarrietako bat. Rock erritmoak dituzte abiapuntu, baina bestelako estiloak ere uztartzen dituzte kantuetan, hip hopa, reggaea, funka edo elektronika kasu. Letrei dagokionez, gai sozial zein politikoak jorratu dituzte diskoko abestietan.
Hauxe da!
- Egilea: Kuttune
- Zigilua: Autoekoizpena
Nerea Quincoces Ochoa artziniegarrak sortu zuen Kuttune taldea pandemia hasi baino lehen, beste hainbat musikarirekin batera. Urte hasieran abiatu zuten diskoa grabatzeko diru-bilketa kanpaina, eta udazkenean plazaratu dute emaitza: Hauxe da! diskoa. Musika tradizionala jorratzen dute lanean eta ikerketa lan sakona egin dute horretarako. Iberiar Penintsulako kantak bildu dituzte, Euskal Herrikoak batez ere, beste folklore batzuekin uztartzeko. Perkusioak egiteaz arduratu da Quincoces.
KSMS
- Egilea: Ziztada & Rlantz
- Zigilua: Taupaka
Bost abestiko EP laburra plazaratu dute Ziztada eta Rlantzek, KSMS izenekoa. Orain arte jorratutako bidetik aldendu da bikotea, bestelako musika estiloak uztartzeko: lo-fi, reggae edota R&B, besteak beste. Letretan ere eman dute saltoa, gai pertsonalagoak jorratzera pasatzeko. Egun hotzak lanarekin hasi zuen ibilbidea musika ekoizle amurrioarrak eta abeslari bilbotarrak osatutako bikoteak. Azken argiak diskoa plazaratu zuten gero, eta beste hainbat errekopilazio eta kolaborazio ere egin dituzte.
Redención
- Egilea: Perdido entre ilusiones
- Zigilua: Autoekoizpena
Hamar urte baino gehiago daramatza Jokin Arias amurrioarrak 'Perdido entre ilusiones' izen artistikoarekin jotzen. 2014an plazaratu zuen lehen diskoa, eta sei urte beranduago osatu du bigarrena. Hainbat herrikideren laguntza izan du grabaketan: Ander Tejerinak pianoa jo du, Asier Ibarluzeak baxua eta Garazi Dorronsorok sarrerako ahotsa. Lan garrantzitsua da honakoa musikari amurrioarrarentzat, "etapa bat ixteko" baliatuko duelako: "Hemendik aurrera ez dut minetik abestu nahi, ikuspegi positibo batetik baizik".
Musu bat
- Egilea: Unai Etxebarria
- Argitaletxea: Autoekoizpena
Basaurikoa da Unai Etxebarria, baina Erretes Tudelan bizi da gaur egun. Ibilbide oparoa egin du musikagintzan, eta bere bakarkako bigarren lana plazaratu du: Musu bat diskoa.
Su
- Egilea: Malen Atxa
- Argitaletxea: Autoekoizpena
Aurten hasi da Malen Atxa kontzertuak ematen, Egoitz Uriarterekin. Bertsioak jotzen ditu batez ere, baina bi abesti propio ere plazaratu ditu Matx izen artistikoarekin: Esan ezin diren hitzak eta Su.
Amor y otras drogas
- Egilea: Okher
- Argitaletxea: Autoekoizpena
Amor y otras drogas lana plazaratu du Okher rap abeslari laudioarrak aurten, hainbat bideoklip ikusgarrirekin batera. Pilula itxurako pen-drive batean bildu ditu albumeko bederatzi abestiak.
Indar Morea
- Egilea: Haize Gorria
- Argitaletxea: Autoekoizpena
Aiaraldeko zenbait tokitako eta hainbat belaunalditako musikariak batu dira Haize Gorria taldean, eta Indar morea abestia plazaratu zuten urte hasieran. Bideoklipa osatu zuten kantua zein taldea aurkezteko.
Aizu!
- Egilea: Eriz & Lainopilak
- Argitaletxea: Autoekoizpena
Kepa Calvo eta Alex Lopezekin batu da Eriz Perez musikari urduñarra bere bakarkako proiektua garatzeko: Eriz & Lainopilak. Abuztuan plazaratu zuten Aizu! single-a, eta diskoa prestatzen ari dira.
Julen Burgos
Julen Burgosek irabazi du Rockein lehiaketako euskara saria. Lau kanta aurkeztu zituen Goaz rock taldeko kide ohiak lehiaketan, laurak euskaraz. Diskoa argitaratzea du buruan, urtea amaitu baino lehen. Hiru abesti grabatu ditu dagoeneko euskaraz eta beste bi edo hiru erregistratuko ditu gazteleraz.