GORETTI ESKALZA

"Pandemiak gora egin duelako bertan behera utzi dute euskara ikasteko eta indartzeko Irale irakasleen programa"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko urt. 14a, 07:59

Iraleren Artazugoikoa irakastegia. / Joseinazio (Wikipedia)

Behin-behinean eten egin du Hezkuntza Sailak irakasleen euskarazko trebakuntza zerbitzua (Irale). Goretti Eskalza irakasle laudioarra da zerbitzuaren erabiltzaileetako bat. Hizkuntza indartzeko eskubidearen galeraz mintzatu da. "Ez dakigu Iralerekin zer egingo duten", ohartarazi du.

"Hezkuntza Sailaren programa da Irale, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan diharduten irakasleak eta Heziketa Bereziko langileak euskalduntzea, alfabetatzea edo haien euskara-maila osatzea eta sendotzea helburu duena". Horiek dira Irale programa edo zerbitzuaren helburuak, egitasmoaren webgunearen arabera. Pandemiaren goranzko joeraren aurrean, baina, zerbitzu hori etetea erabaki du Eusko Jaurlaritzak behin-behinean. Erabakiaren berri izan bezain pronto egin zuten protesta IRALEko irakasleek. 

Euskara indartzeko programan parte hartzera zihoan Goretti Eskalza laudioarra ere, beste hainbat irakaslerekin batera. Urtarrilaren 10ean hasi zen eskolekin, baina herenegun jakinarazi zieten Lakuak hartutako erabakia. "Aurkezpenaren ondotik, asteartean izan genuen lehenbiziko klasea, eta  asteazkenean 13:00ak aldera esan ziguten Lakuak bertan behera utzi duela programa, hilaren 28 arte behintzat". Bien bitartean, "erreferentziazko zentroetara" bideratu dituzte trebakuntzaren hartzaileak. "COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, baja kopuru handiegia dagoelako eten dute", azaldu du. Funtsean, "pandemiak gora egin duelako bertan behera utzi dute euskara ikasteko eta indartzeko IRALE irakasleen programa".

Ondorioz, euskararen normalizazioa eta erabilera indartzeko trebakuntza aukera gabe geratu dira 260 irakasle inguru, behintzat, Eskalzaren hitzetan. Ondorioak, baina, eskoletatik harago doaz: "Berez, lehen eta bigarren hiruhilekoetan soilik eskaintzen da aukera. Zer gertatuko da programa horretarako kontratatutako irakasleekin?". 

Katea ez da hor bukatzen. Izan ere, Iralen izena emanda dauden irakasleak ordezkatzeko beste horrenbeste hezitzaile daude uneotan ikas zentroetan. "Gure ordezkoak mantendu egingo dituzte, eskoletako baja edo ordezkapenak egin ahal izateko", adierazi du laudioarrak.

"Pandemiaren egungo egoera eta ordezkapenak betetzeko beharra kontuan hartuta" ebatzi du Hezkuntza Saileko Langileen Zuzendaritzak zerbitzua bertan behera uztea

Arrazoiak

"Pandemiaren egungo egoera eta ordezkapenak betetzeko beharra kontuan hartuta" ebatzi du Hezkuntza Saileko Langileen Zuzendaritzak zerbitzua bertan behera uztea, "ikastaroak berriz hasteari buruzko informaziorik ematen ez bada, klaseek etenda jarraitzen dutela ulertuko da. Iraleko ohiko klaseak hasiko lirateke urtarrilaren 31n, egoerak hobera egingo balu, baldin eta euren lanpostuan ordezkotza bermatzen bada".

Euskararen trebakuntzan sakontzeko programan parte hartzeko kontratatutako ordezkoek, aldiz, lanean jarraituko dute: "Horrela, zentro batzuen egoera arinduko da, ordezkapenen estaldurak beste batzuetan egin ahal izateko".

Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman dizkie Iraleko erabiltzaileei bidalitako jakinarazpenean, "irakaskuntzan zein ikaskuntzan garapen profesionalerako euskararen hobekuntzari eta didaktikari emandako garrantziagatik. Egoerak ez-ohiko erabakia hartzera behartu gaitu. Denok batera egingo diogu aurre". Neurria eta erabakia aldatu ezean, ordea, euskara da hezkuntzan (eta horrenbestez) belaunaldi berrien heziketan aurrera egingo ez duena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide