2021ARI BEGIRADA

Tubacexeko greba luzeari begirada

Aitor Aspuru Saez 2022ko urt. 15a, 08:00

Suzko barrikadak piztu zituzten hainbat aldiz piketean. / Iñaki Montes

Inork gutxi uste zuen Tubacex enpresako langileek ordagoari eutsiko ziotenik enpresaren kaleratzeak gelditzeko, baina 236 egunen ostean, horrela izan zen.

2021eko urtea beroa izango zela aurreikusten zuten Tubacex enpresako langileek, baina inork ez zuen inoiz imajinatu lan gatazkak hartu zuen dimentsioa. Alegia, lantegietan zein eskualdean inork ez zuen espero ekoizpena horrenbeste denbora geldituko zutenik.

Edonola ere, 236 egun igaro eta bi epaiketa irabazi ostean, langileek lortu zuten, gutxienez, borondatearen kontrako kaleratzarik ez egotea. Baina nola heldu zen greba hori ia 8 hilabete betetzera?

Aurrekariak

Hasteko, aintzat hartu beharra dago Tubacexeko zuzendaritzak iragarri zuenean 150 behargin kaleratuko zituela arazo ekonomiko estrukturalen ondorioz, giroa langileen eta enpresako jabeen artean pozointuta zegoela jadanik. Eta arrazoiak bazeuden horretarako: 2019an bi langile hil ziren istripuetan eta 2020an langileak zigortu eta kaleratu zituzten ikerlariak kontratatuta. Horiek izan ziren talka garrantzitsuenak, baina bestelakoak ere gertatu ziren.

Gauzak horrela, otsailaren 11n abiatu zen greba mugagabea Tubacexen, enpresa batzordeak deituta. Une horretan beharginen artean zalantzak handiak ziren. Alde batetik, ez zekiten zenbat kide batuko ziren lanuztera. Bestetik, zenbat denbora eutsiko zioten ere argitzeke zegoen. Dena den, pikete indartsuekin eta ekintza atseginekin abiatu zuten protesta.

Otsailaren 23an esperientzia traumatikoa bezain aberasgarria izan zuten Tubacexeko grebalariek, desobedientzia zibileko ekintza antolatu ostean. Ertzaintzaren aldetik jasotako kolpeek eta hedabideen interesak forma eman zieten hurrengo mobilizazioei.

Inflexio-puntua

Dinamika guztiz baketsua otsailaren 23an eten zen. 12 egunez grebalariek ikusi zuten inork ez ziela jaramonik egiten, salbu polizia bidaltzeko, zuzendaritza eta eskirolak babeste aldera. Aipatzekoa da egun horretan beharginen jarduera ez zela bortitza izan. Hain zuzen, desobedientziaren bidea jorratu zuten eta hainbat langilek errepidea oztopatu zuten eserialdiarekin. Ertzaintzaren jokaera, ordea, indarrean oinarritu zen eta jazotako istiluak sare sozialetan eta hedabidetan zabaldu ziren, Tubacexeko lan gatazka, lehenengo aldiz, agenda politikoan txertatuta.

Esperientzia gogorra eta bortitza izan bazen ere (3 atxiloturekin amaitu zen eguna, hirurak multinazionaleko beharginak), irakaspen izugarria ekarri zien Tubacexeko langileei. Tarte laburrean ulertu zuten zein onuragarria zen errepresioa, piketeak, politika eta hedabideen oihartzunaren nahasketa euren aldakarrikapen zilegiak gizarte osora eramateko eta erakundeen neutraltasunari aurre egiteko.

Kolpeek eta atxilotuek, nolabait, erakutsi zioten Aiaraldeari ere greba guztiz serioa zela eta langileek kaleratzeak ekiditeko helburu argia zutela. Hortik aurrera, elkartasun uholdeak zipriztindu zituen piketeak, eta grebalariek, bizkortasunez jokatuta, konfrontazio estrategia zabaldu zuten, ez bakarrik zuzendaritzarekin, baita erakundeekin ere, konpromisoak ateratzeko enplegu suntsiketaren kontra. 

Horren adibide izan zen, adibidez, Martxoaren 8a. Egun horretan lantegiko emakumeek eta mugimendu feministak lortu zuten lehenengo aldiz enpresaren autobusa lantegian ez sartzea. Horren ostean, gainera, indar erakustaldia gauzatu zuten Emakumeen Nazioarteko Eguneko aldarriak eta grebarenak batuta.

Horren ostean, mobilizazioak etengabeak izan ziren eskualdean, Bilbon edota Gasteizen, eta Eusko Legebiltzarraren aurrean behin baino gehiagotan eragin zituen istiluak Ertzaintzak, langileak mehatxatuta edo kolpatuta. Indarrak izan zituzten bitartean, grebalariek gogoratu zuten hedabidetan lanuzteak jarraitzen zuela eta hori gertatu zen martxoaren 25ean, barrikadekin autobusaren sarrera eragotzi zutenean Amurrion. Mobilizazio dinamika indartsu horrek jarraitu zuen udara arte lau hankatan oinarrituta: enpresa batzordea, piketeak, erresistentzia kutxa eta Aiaraldeko Greba Batzordea. Batzuetan modu autonomoan eta gehienetan indarrak elkartuta, bultzada eman zioten protestari.

Martxoaren 8an eginiko piketeek aldarrikapen feministak eta kaleratzeen kontrakoak batu zituzten.

Epaiketak irabazi

Bitxia bada ere, epaileek kaleratutako langileei emandako babesa izan zen grebalarien arteko tentsioa lausotu zuena. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen uztaila hasieran bai Aceralava zein TTI enpresetan ezarritako enplegua erregulatzeko espedienteak nuluak zirela. Epaileen ustez, enpresak legea hautsi zuen, ez baitzegoen kaleratze horietarako justifikazio estrukturalik, oinarrian zegoen krisialdia pandemia baitzen. Epaiak, edonola ere, ez zuen ekarri langileen itzulera lantegietara, enpresak helegitea jarri baitzuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Kontraesankorra bada ere, zilegitasun horrek guztiak jasotzeak erlaxatu zituen grebalariak eta piketeen jarduera murrizten joan zen, nahiz eta fabriketako sarreretan oso aktibo izan. Horri gehitu behar zaio opor garaia heldu zela eta nekea nabaria zela.

Gatazkaren beste aldean, ordea, urduritasuna hasi zen sumatzen greba hasi zenetik. Iraila hurbiltzen ari zen eta zuzendaritzak ez zuen lortzen lantegien ekoizpena berriro hastea. Une horretan, zituen tresna guztiak erabili eta erre zituen Tubacexek, bereziki, hedabideak baliatuta mesfidantza eragiteko grebalarien artean.

Zalantza izpirik gabe, psikologikoki gogorrak izan ziren udako azken asteak, ikusita, besteak beste, Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak eskatzen zuela greba etetea. Baina langileek eutsi zioten lanuzteari eta Eusko Jaurlaritzak bere burua behartuta ikusi zuen gatazkan esku hartzera. Lehenengo saiakera porrot izugarriarekin amaitu zen, adostutako testuan azken orduko zenbait aldaketa sartu ostean. Hori bai, irailaren amaieran ELAk, CCOOk eta Independenteek babestuta, akordioa sinatu zuten gatazkako bi aldeek. Urteko lanaldia 40 ordutan igo zen, baina, trukean, ez zen borondatearen kontrako kaleratzerik egon.

Kontraesankorra badirudi ere, grebaren aste zailenak epaiketak irabazi eta gero heldu ziren. Enpresak bitarteko guztiak erabili zituen lanuztearen kontra eta udaren eta nekearen ondorioz, piketeen jarduera murriztu zen.

Emaitza horrez gain (garaipen historikotzat jo daitekeena, multinazional baten asmoak atzera bota baitzituzten langileek), grebak elkartasun sarea indartu du enpresa barruan. Azaroan, adibidez, 5.000 euro batu eta jaitsi zituzten Cadizen egindako greba laguntzeko. Elkartasun mekanismo horiek etorkizun hurbilean beharko dituzte, greban atxilotutako eta salatutako eskualdeko 7 lagunak babesteko, epaiketaren zain daudelako akusatu guztiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide