2019an gutxik egingo zuten apustu Aiaraldeko Greba Batzordearen alde. Ematen zuen kanpaina jakin baten sustatzaile efimeroa izango zela -2020ko urtarrilaren 30eko greba-, eta gero desagertuko zela apurka-apurka, zarata gehiegi egin gabe. Errealitatea, ordea, bestelakoa izan da eta 2021ean plataformak urte ezin biziagoa izan du.
Otsaila izan zen taldearentzako mugarria. Izan ere, Tubacex enpresako greba luzea abiatu zen eta batzordea protestara lotu zen estuki, lantegiarekin zuzenean harremana ez zuten esparru orotan: merkataritzarekin edota ostalaritzarekin indarrak batzen, elkartasun kanpainak sustatzen, edota bestelako lan gatazkekin zubiak eraikitzen.
236 egunez Tubacexeko grebalariek bidelagun aktiboak izan dituzte eta eskualdea mobilizatzeko -kalean zein komunitate zentzua hauspotzen- bultzada erabakigarria eskaini diete. Adibidez, martxoan Amurrioko elizan itxialdia egin zuten enpleguaren defentsan. Baina ez hori bakarrik.
Batzordeko kideek edozein gatazka sozioekonomiko harilkatzeko ahalegina egin dute, Artziniegako La Encina nagusien zentroaren kaleratuekin edo Ibarrakoa Madres Mercedarias egoitzako beharginekin, edota hezkuntza zentroekin (Zabaleko Ikastetxearekin, adibidez).
2019an zarata gehiegi eragin gabe sortutako Aiaraldeko Greba Batzordeak egun bizi eta erabakigarriak bizi izan ditu aurten gertatutako lan gatazka ugaritan. Tubacexeko greba izan da ospetsuena, baina gehiago egon dira.
Osakidetzako langileei ere babesa adierazi diete, eta pentsiodunekin batera zerbitzu publiko duina aldarrikatu dute. Lan istripuak ere, nola ez, izan dituzte jomugan, Orozkon garraiolari bat hil zenean aurten. Azkenik, Valvospain enpresaren itxieraren kontra ere kalera atera ziren.Horrela, batzordea bilakatu da borroka batzuk besteekin kutsatu dituen eragilea eta guztiei batasun zentzua eman diena, eskualdeko egoera orokorrari erreparatuta.
Bide horretan, arreta berezia jarri diote lan merkatuak ikusezin bilakatzen dituen sektore ekonomikoei, gehienbat, zaintzakoari, feminizatua eta prekarizatua. Aipatutako mobilizazioek milaka lagun atera dituzte kalera eta kapital politikoa gorpuztu dute harreman ezberdinen bidez, elkartasun sarea zabalduta. Horrela, Aiaraldeko Greba Batzordeko mezuarekin bat egiten duen oinarri sendoa eraiki dute, elementu materialak azpimarratuta: enplegua, ongizatea eta zaintza.
Horren isla argia izan zen azaroaren 21ean Urduñan egindako agerraldia, Somolsa enpresaren ekoizpena hartu zuen pabilioian. Ehunka lagunek 8 puntuko larrialdiko programa aurkeztu zuten 'SOS Aiaraldea' lemapean, eskualdearen defentsan funtsezko gaiak aipatuta: kalitatezko enplegua, zerbitzu publikoak edota etxebizitza.