ANALISIA

26 milioi euro Aiaraldea berpizteko sozioekonomikoki

Aitor Aspuru Saez 2022ko urt. 16a, 08:00

Eskualdeko eragile ugarik hartu zuten hitza ponentziaren osaketa prozesuan. / Santxotena Museoa

Bi urtez landu eta gero, Eusko Legebiltzarrak Aiaraldea suspertzeko plana adostu du. Sozioekonomian eragina izango du egitasmoak, baina eraginkorra izango da?

Azaroaren amaieran Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdi gehienek akordioa onartu zuten Aiaraldea suspertzeko planari begira. Gehienez, 26 milioi euro bideratuko dituzte horretarako, eta berehala egikaritu beharko dituzte zenbait inbertsio, hiru hilabetetan zehaztuko dituztenak.

Erakundeek ahalegin ekonomikoa egingo dutela argi dago. Handia edo txikia den eztabaidatu daiteke, baina dirua ekarriko dute eskualdera, hori ukaezina da. Ordea, borondatea nahikoa da eskualdea suspertzeko? Eta are gehiago, zer nolako eskualde mota egituratu nahi da? 

Egitasmoak bi urte behar izan ditu, pandemiak bete-betean jo baitzuen, eta dozenaka eragile igaro dira batzordetik euren ekarpenak egiteko. Horiek guztiek, norberak bere ikuspuntutik, argia proiektatu dute, baina distiraren artean ere zenbait itzal sumatu daiteke Eusko Legebiltzarreko planean. Hasteko, puntu garrantzitsu moduan, 10 milioi euro bideratuko dituzte industriara. Ia bitartekoen erdia izango da hori, eta inbertituko dituzte bai lursailak eta eraikinak berreskuratzeko, zein eskualdeko enpresen jarduera modernizatzeko. Neurri horrek, ziurrenik, adostasun zabalena piztu du. Izan ere, Aiaraldea historikoki eremu industriala da; baina, nahikoa da diru publikoko inbertsioa hori bermatzeko? 

Udako Tubacexeko grebak hori jarri du mahai gainean. Eusko Jaurlaritzak 2010etik 2021era 9 milioi euro baino gehiagoko dirulaguntzak eman dizkio enpresari, baina inolako irizpiderik ezarri gabe horretarako, ez lan-baldintzen esparruan, ezta Aiaraldean jarraitzeko konpromisoa exijituta ere. 

Eusko Legebiltzarrak 26 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du Aiaraldean, eremu sozioekonomikoan eragiteko. Baina, zein neurritan utziko du epe luzerako aztarna egingo den gastuak?

Ondorioz, laguntzak mozkin pribatuetarako diru publikoko injekzio hutsa bilakatu daitezke, herritarren ongizatean edo eskualdearen iraupenean eragin positiborik izan gabe. Finean, inbertsioak ez dira ezerren berme, ez badira gizarte eredu baten bila bideratzen. Alderantziz, ondare publikoa esku pribatuetan geratzeko bidea izan daitezke. Gauza bera aipatu daiteke abandonatutako lursail eta eraikin industrialen birgaitzean (LIDL enpresako biltegia azkena) baliatuko den diruarekin. Izan ere, espazio horietan egingo den jarduera ez bada zehazten, epe ertain edo luzera sortzen den enplegua tokiko merkatari txikien kalterako izan daiteke, kalitatezko lanak sortu gabe, gainera.

Hortaz, 10 milioi horiek berehalako emaitza positiboak utziko badituzte ere (jarduera ekonomikoa eragingo baitute), galdera da ea zer eskainiko duten lehen urteak igarota, inolako ikuspuntu estrategikorik ez badago. Alegia, klima-aldaketa eta, lehengaien eta energia iturrien agorpena ate joka ari diren bitartean, orain arteko paradigman sakontzeak ez du irtenbiderik irekiko etorkizunera begira. Hau da, ekonomia zirkularra, tokikotasuna, deshazkundea edota jasangarritasun ekologiko eta soziala ez bada hezurmamitzen inbertsioen bidez, urte gutxitan 26 milioi euroko eragin zirraragarria lausotuko da aztarnarik utzi gabe eta tarte historiko laburrean oroimen urruna baino ez dira izango. 

Gauzak horrela, tokikotasuna ardatz duten proiektu apurrak mugikortasunean zentratuta daude. Horiei 4 edo 5 milioi euro egotzi dizkio Eusko Legebiltzarrak. Horri esker, Nerbioiko parke lineala Arrankudiagaraino eta Urduñaraino luzatuko da eta eskualdeko tren geltokietan hobekuntzak egingo dira irisgarritasun eta segurtasunean. Beste hitz batzuetan, gastu horren onura ekonomikoa izango ez bada ere, Aiaraldea eratzen lagunduko du, herriak irisgarriagoak eginda eta garraio eredu ekologikoei (txirrindulak kasu batean eta tren zerbitzua bestean) arnasa emanda.

Lehen sektoreari begira, ez da bermatu hiltegia irekiko denik Aiaraldean. Gehienez, horren bideragarritasuna aztertuko da Laudion eta Urduñan.

Tokikotasunean oinarratzen diren bi atalek ez dute ezer berririk edo bereziki zehatzik proposatzen eta turismoan (upategien eta txakolinaren ibilbidea da gida lerroetako bat) eta historian eragingo dute.

Erdibidean, itxaropena eta etsipena banatzen duen marra fina zapalduta, dago lehen sektorera begira aurreikusi den inbertsioa. Alde batetik, bi milioi eurorekin hornituko da lan ildoa, kopuru nabarmena dena. Bestetik, ez dago batere bermatuta diru horrek emaitza materialik emango duen. Izan ere, Laudioko udal hiltegiaren itxieraren ostean, tokiko ekoizleak umezurtz geratu dira eta kanpora joan beharra dute euren animaliak hiltzeko. Laudioko Udalak, esaterako, dirulaguntzak abiatu ditu garraio gastuei aurre egiteko, baina hiltegi berri batekiko dauden bi erreferentziak oso anbiguoak dira Legebiltzarreko iniziatiban.

10 milioi euro bideratuko dira industriara, baina ez da zehaztu dirua jasoko duten enpresek baldintzak izango dituzten, enplegu duinak eskaintzea edo jarduera eskualdean mantentzea kasu.

Zehazki, bi aipuek ez dute ziurtatzen azpiegitura hori irekiko denik berriro eskualdean eta bideragarritasuna ikertzea baino ez dute aurreikusten. Lehenik eta behin, Laudioko instalazioak berriro abian jartzeko aukerarik dagoen baloratuko dute. Horrez gain, Urduñan beste hiltegi txiki baten ateak irekitzea posible den ikertuko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide