2021ARI BEGIRADA

S.O.S. baserriak: Laudioko hiltegiaren itxiera

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urt. 16a, 07:00

1968an inauguratu zen Laudioko hiltegia. / Aiaraldea.eus

2022rako, orain arte Laudioko hiltegia izandakoa historia hutsa izango da. Honen itxierak soka luzea ekarri du, eta Aiaraldeko lehen sektorea kinka larrian geratu dela salatu dute baserritarrek.

Ezinbestean, 2019ari begira jarri ditu 2021ak eskualdeko abeltzain, harakin eta herritarrak. Orduko hartan bezala, Laudioko hiltegi publikoaren itxierak Aiaraldeko lehen sektorearen etorkizuna ilundu du. Oraingo honetan, ordea, are ilunagoa dirudi baserritarren geroa, eta urrunagoa aferaren konponbidea.

2019ko itxiera

2019 hartan, Nerbioi ibaira iritsi zen odol isuri baten ondorioz azpiegituraren itxiera agindu zuen URA agentziak. Ordurako URAk berak hainbat errekerimendu eginak zizkion udalari isuriak ekiditeko asmoz egin beharreko lan batzuen harira. 

Soka luzea ekarri zuen isuriak. Tartean, ustezko ingurumenaren aurkako delitu batengatik ikertuak izan ziren Laudioko bi alkate  (Ander Añibarro eta Natxo Urkixo) eta Emusan SL enpresa kudeatzaileko arduraduna. Gaur gaurkoz zabalik dago oraindik prozedura judizial hori.

Behin betiko itxiera zirudien arren, hilabete gutxira martxan zen berriro udal zerbitzua, baserritarren mobilizazioen eraginez hein handi batean. Zabaltzeko, 200.000 euroko inbertsioa egin behar izan zen behin behineko neurriak hartzeko helburuarekin. Horrekin batera, 2018an onartutako 480.000 euroko proiektu bat geratu zen gauzatzeke. Proiektu horrek araztegi txiki bat edota odola egosteko sistema bat hartzen zituen bere baitan, besteak beste; ordura arteko arazoak konpontzeko nahikoa.

Emusan SL enpresarekin zuen kontratua deuseztatzea erabaki zuen udal gobernuak irailean. Hilabete beranduago, tokiko gobernuak zerbitzua berriro abian ez jartzea erabaki zuen, hau mantentzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez zirela ulertuta.

Zaharrak berri

2021ean berriro errepikatu dira duela bi urteko gertakariak. Uztailaren 2an itxi zituen ateak Laudioko hiltegi publikoak, era kautelarrean, udal teknikariek kudeaketan hainbat irregulartasun antzeman ondoren. Aurkeztutako argudioen artean, putzu septikoa lohiz betetzea, odola xurgatzeko bonba hautsi bat edota legez kanpo larre batzuetan zabaldutako hondakinak jarri zituen udalak mahai gainean. Administrazio publikoaren ustez, hiltegiaren kudeatzailea ez zen lizitazioan zehaztutako baldintzak betetzen ari.

Argudioen dantza irailera arte luzatu zen. Hasieran lizitazioan jasotakoa ez betetzea leporatu zion udalak kudeatzaileari. Honek, simaurra ongarri gisa erabiltzea errege dekretu batek arautzen duela defendatu zuen. Gainera, teknikariek antzemandako gainerako hutsegiteak 2019an ezarritako neurrien behin-behinekotasunak eragindakoak zirela azaldu zuen. Udal Gobernuak azpiegitura defizitarioa zela atera zuen argitara eta, egun batetik bestera, 2018an zehaztutako 480.000 euroko proiektua nahikoa ez, eta 900.000 euroko inbertsioa bilakatu zen hilabete gutxiren buruan. Gastu horrek bideraezina egiten zuen, udalaren hitzetan, hiltegiaren azpiegitura. Baserritarrak eta oposizioak arrazoi politikoak ikusi dituzte tokiko erakundeak baliatutako argudio teknikoen atzean, eta azpiegituraren etorkizunarekin 2019an hartutako konpromisoa ez betetzea leporatu zioten tokiko gobernuari. Testuinguru nahasi horretan, Emusan SL enpresarekin zuen kontratua deuseztatzea erabaki zuen Ander Añibarroren gobernuak irailean. 

Hilabete beranduago, tokiko gobernuak zerbitzua berriro abian ez jartzea erabaki zuen behin betiko, hau mantentzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez zirela ulertuta, eta eten egin zuen irailean berritu behar zen kontratuaren lizitazioa, baita udan iragarritako kudeaketa baldintza berrien osaketa prozesua ere. Hiltegiaren itxierak eragindako kalteak arintzeko asmoz, dirulaguntza  bat jarriko du abian udalak 2022an, abeltzainek beste hiltegi batera egindako bidaien gastuak kubritzeko. Baserritar ugari neurriaren kontra azaldu ziren lehen unetik.

S.O.S. Baserriak

Hilabete guzti hauetan baserritar eta harakinak ez dira besoak gurutzaturik geratu. Lehen sektorea da, hain zuzen ere, hiltegiaren itxierak gehien kaltetutakoa, eta behin baino gehiagotan salatu duten bezala, egoera honen luzatzeak ekoizle askoren desagerpena ekar dezake.

2019an mobilizazioak eta baserri mundutik egindako presioa ezinbestekoa izan ziren hiltegia berriro ere funtzionamenduan jartzeko. Horretaz jakitun, hiltegia kautelarki itxi bezain laster hasi ziren berriz mobilizazioekin, eta hainbat ekimen egin zituzten uztailean eta abuztuan.

Ikasturte berriarekin batera urrats kualitatibo berria eman zuten: 'Hiltegia ez itxi' plataforman antolatu ziren. Iragan irailaren 21ean eman zuten sorreraren berri, Laudioko Aldai Plazan egindako prentsaurreko jendetsuan: “Plataforma hau Laudioko hiltegiaren zerbitzua lehen baino lehen berrezartzearen beharrizana ikusi eta defendatzen dugulako sortzen da. Zerbitzu hau ezinbesteko tresna da lehen sektorea defendatzeko, baita bertako merkataritza babesteko ere”.

Hiru hilabete hauetan, ordea, udalak entzungor egin die abeltzainen eskaerei. Horien artean, hiltegia ekoizleek propioki sortutako elkarte batek behin behinean kudeatzeko aukera zegoen. Ander Añibarrok berak azaldu zuen proposamen hori legez kanpokoa zela.

Itxieraren aurretik, hilean 70 harakinen beharrak asetzen zituen azpiegiturak, eta Laudioko kontsumitzaileen %40ak bertan ekoiztutako haragia kontsumitzen zuen.

50 urteko historia

1968an inauguratu zen Laudioko hiltegia. Orduko hartan bertan zeuden langile apurrek Laudioko abeltzainen abereak sakrifikatu eta harategietatik banatzen zituzten, burokrazia eta mantenua udalaren esku utzita. Laudioko ekoizleei eskaintzen zien zerbitzua soilik. Horrela funtzionatu zuen XXI. mendea hasi arte.

2000. urtean sakrifizio kopurua asko jaitsi egin zen, herrian merkatal zentro handiak agertzen hasiak baitziren. Urte hartan sartu zen Emusan SL enpresa hiltegian lanera. 

Hasieran udal langileak arduratzen ziren administrazio lanez oraindik, baina hurrengo kontratuetan hauen ardura ere Emusanen esku geratu zen.

2009an hasi ziren lehendabizikoz Laudioko abereak ez ezik, Aiaraldeko gainerako herrietako abereak jasotzen. Aldaketa horrekin hilean 3-4 tona haragi fakturatzetik 11-12 fakturatzera igaro ziren.

2012an inbertsio handi bat egin behar izan zen zerbitzua mantentzeko, baina horri esker Aiaraldetik kanpoko edozein ekoizlek ere abereak Laudiora eramateko aukera zuen. 13 langile izatera pasa ziren halako batean, hilean 70 harakinen beharrak asetzeko. Itxieraren aurretik Laudioko kontsumitzaileen %40ak herriko hiltegian ekoiztutako haragia kontsumitzen zuen.

Eusko Legebiltzarrak berriki onartu du Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko plan sozioekonomikoa, eta 24 eta 26 milioi euro artean bideratuko dira horretarako. Zero kilometroaren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten du txostenak. Gainera, 2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du txostenak eskualdeko lehen sektorean. Ikusteke dago bertan jasotako ondorioek nola egingo duten bat tokiko erakundeetan hartutako erabakiekin. Bien bitartean, Aiaraldeko baserriek kinka larrian jarraituko dute, nola edo hala bizirautera kondenatuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide