ERREPORTAJEA

COVID-19aren aurkako protokoloa eta hezkuntza zentroak: amaiera gabeko burbuilak

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko urt. 23a, 09:44

Zabalekoko ikasle batzuk, gelan. / Aiaraldea.eus

Urtarrilaren 4az geroztik protokolo berria dute hezkuntza zentroetan, koronabirusaren enegarren olatuari aurre hartu ahal izateko. Baina, zer nolako eragina izan du hezkuntza sistemaren eta familien funtzionamenduan?

Bi urte luze daramatza koronabirusaren gai-tzak eskualdeko -eta munduko- txoko guztietan presente. Ikasketak ez ezik, osasun eta zaintzasistema konplikatu ditu pandemiak, zenbait neurri hartu behar izan baitira osasuna eta ongizatea sendotzeko. Konfinatu beharra, eskolak osasun eta segurtasun neurrietara egokitzea, gaixotuz gero jarraitu beharreko prozedurak... Unean uneko egoeraren araberako protokoloa zehaztu du Eusko Jaurlaritzak.  

Urtarrilaren 4an ezarri zuten egun indarrean dagoen protokoloa. Aiaraldean zein Euskal Herriko ikas zentroetan tutorearekin batera finkatutako Bizikidetza Egonkorreko Taldeekin hasi zuten ikasturtea, geletan 4 edo 5 lagunez osatutako azpilantaldeak bereizita. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren azken protokoloan zehazten denez, SARS-CoV-2 aldaera ukituz edo arnasbide bidez kutsatzen da pertsonen artean. Kutsatze arriskua minimoa da arnasa lasai hartzean, “eta gero eta handiagoa -hurrenkera honetan- ahalpeka hitz egitean, ozen aritzean, garrasi egitean, abestean, eztul egitean eta jarduera fisiko biziak burutzean”.  Hala adierazi dute Eusko Jaurlaritzaren txostenean.

Halaber, distantzia laburretan (metro bat baino geutxiago) handiagoa da transmisio arriskua, baita espazio itxi eta jendetsuetan ere, aireztapen ona ez dagoenean batik bat.  Testuinguru horretan 6 eskakizun egin dizkiete ikas zentroei Hezkuntza Sailetik: kontaktuak mugatzea, prebentzio pertsonaleko neurriak indartzea, antolaketa irizpideei erreparatzea, garbiketa eta aireztapena indartzea, kasuen kudeaketari heltzea, eta  ikastetxea antolatzeko beste neurri batzuk jartzea martxan. Horrez gain, koronabirusa heldu zenetik, zentroetako azpiegiturak bereizi behar izan dituzte jende pilaketak ekiditeko, eta eskoletako sarrera eta irteera ordutegiak moldatu behar izan dituzte txandaka antolatzeko, besteak beste.

“Arauak denok mantendu beharko genituzke, eta azken aldian gure sektorean bakarrik mantentzen direla dirudi”

Igor Lujanbio irakasle amurrioarrak Laudion egiten du lan, eta  “babes neurriekin ahalik eta jarduera gehien mantentzen” saiatu dira. Barnetegiari, jantoki zerbitzuari eta eskolaz kanpoko jarduerei eutsi diete: “Ahalik eta muga gutxien jartzen saiatu gara”. Ordutegi eta higiene ohiturak aldatu dituzte, batez ere. Kutsakortasuna, baina, asko handitu da azken asteetan, aitortu duenez: “Abenduko zubitik aurrera aldaketa itzela izan da: birusa kontrolik gabe zabaldu da, eta kasu dezente izan ditugu familia eta ikasleen artean”.

Gabon bueltako indartze neurriekin, egoera aldatu da zenbait tokitan.  Ane Etxabe laudioarraren lantokian, esaterako, egonaldiak eta irteerak bertan behera geratu dira; Eskola Kirolaren partidak bezala. Jantoki zerbitzuan, berriz, 2 txanda gehitu dituzte, eta LHko jolas orduak gelaka antolatu behar izan dituzte. “Uneotan ez ditugu horrenbeste kasu DBHn, gehiengoa kontaktu zuzena izateagatik dago konfinatuta (PCR edo antigeno froga egin arte), baina HHn eta LHn kasu gehiago daude, eta irakasleen artean ere bai”, argitu du. 

Ikasleen alde emozionala

Koronabirusa medio, gaixotasunaren hedapenetik harago, baina, ondorio ugari azaleratzen ari dira hezkuntzan eta heziketan. Zenbat buru, hainbat apuru: “Bakoitzak bere kezkak ditu, baina ikasleen kasuan alderdi emozionala zaintzea izan da gure kezka nagusia. Normaltasunera itzultzea helburu izan dugu, edo behintzat normaltasun horretatik ahalik eta gertuen egotea behintzat”. Hala pentsatzen du Igor Lujanbiok, behintzat.

 “Hezkuntzaren alderdirik inpertsona- lenaren aurrean gaude gaur egun”

Ane Etxabe  DBHko irakaslea ere iritzi berekoa da. Pandemiak bete-betean harrapatu du bera ere: “Ematen du beste gripe bat baino ez dela, baina duela ia bi urtetik bizi dugun ezohiko egoera honek ondorio itzelak izango ditu, eta hemendik urte batzuetara ikusiko ditugu”.  Normaltasunez hartu beharko da birusa, bere ustetan, “geratzeko etorri baita”. Alabaina, ongizate mentalari eta emozionalari garrantzia gutxi eman zaiolakoan dago Etxabe: “Nerabe zein neskato-mutikoei hasiera baten haien amona-aitonak akatu behar zituztela sinestarazi zaie. Horrez gain, gazteek ezinbestekoak diren harreman eta bizipen pila bati uko egin behar izan diote.  Ez zaio inolako garrantzirik ematen ongizate mental zein emozionalari”.

Itziar Urkijo Cela unibertsitateko langilea-rentzat  ere inor ez dago salbu. Ondorioak, adinean gora, haratago doazela erantsi du: “Pandemia honen hasieran, klase presentzialak online izatera bideratu beharraz gain, ikasleekiko aurrez aurreko komunikazioa desagertu zen, eta lan karga handitu”. Batetik, ikasle askok gertuko gaixoekiko kezka zuten, “eta beste zenbaitek lana utzi behar izan zuten entrenatzaileak zirelako, horrek suposatzen duen galera ekonomikoarekin”.

Beste asko bezala, irakasle izatetik, babesle sentitzera igaro da Urkijo Cela: “Iraskale funtzioetatik at zegoen rol bat bereganatzen hasi ginen, babesle bezala ikusten baigintuzten”. 

“Ez zaio inolako garrantzirik ematen ongizate mental zein emozionalari”

Dena den, garai konplexua izaten ari dela dio: “Irakaslegoaren partetik ere panorama ez da hobea, familia eta lana etxean uztartu ahal izatea, orduak sartzea egoera berrira egokitzeko, ebaluazioa antolatzea... Unibertsitatetik, laguntza eskaini zen egoera hau era orekatu batean kudeatzeko, baina, hala ere, gaur egun ere, ondorioak pairatzen ari gara”. Ikasleekin “hurbiltasuna” berreskuratzen ari dira jada, baina Batxilergotik datozen promozio berrien unibertsitatearen esperientzia soziala hankamotz ikusten du Urkijok: “Unibertsitatean gustuko duzun horretaz aritzeko askatasun osoa daukazu, eta aisialdi eremua egongo litzateke: afariak, gau sozializazioak... Pentsa, hori dena ukatu diete gazteei, eta gainera, ez dira kapaz euren lagun berrien aurpegia ikusteko kafe bat hartzerakoan maskarilla kentzen duten arte. Hezkuntzaren alderdirik inpertsonalenaren aurrean gaude gaur egun, nahiz eta askoren lana izan ahalik eta pertsonalena egitea ikaskuntza prozesua”. Antzeko egoera bizi dute irakasleek, ikasleen aurpegiak ezin baitituzte ikusi, ezta euren keinuen feedbackik jaso.

Baliabide falta

Hezkuntza sistema prest al dago halako egoera soziosanitario batean heziketa garatzeko? Lujanbiok argi du ezetz: “Ez dago baliabiderik online aritzeko (hezkuntza modu zuzenean emateko prestatuta gaude). Online eskolena partxe bat da, denbora luzean ezin dena mantendu”. Ukimena eta kontaktuak mugatzeak kalte handia eragin du, irakasle amurrioarraren iritziz: “Izaki sozialak gara eta nahastuta egon behar dugu, elkar ukituz, gainera”. Haurren etapetan baino, gazteen zikloetan nabari da hutsune hori gehien bat.

Ane Etxaberentzat, giza eta baliabide ekonomiko gehiago behar dira: “Langile gehiago, aholkulariak irakasle, ikasle zein familientzat; formakuntza eskaintza zabaltzea, ikastetxeetan frogak egiteko aukerak bermatzea... Curriculuma albo batera utzi eta benetan garrantzitsuak diren gauzetan lan egiteko aukera”.  Protokolo berriak, bien bitartean, unean une, osasun eta pandemiaren bilakaeraren arabera, burbuilak gisa azaldu eta desagertzen dira. Horregatik, irakasle zein guraso den aldetik, Lujanbiok badu zer esana: “Arauak denok mantendu beharko genituzke, eta azken aldian gure sektorean bakarrik mantentzen direla dirudi. Umeentzat ez da zilegi”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide