Aiarako Kuadrillako presidentearen dimisioa eskatu dute eskualdeko talde politiko independenteek

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urt. 24a, 13:52

Omnia, Aiara Batuz eta Okondo Aurrera talde independenteetako ordezkariak. / Aiaraldea.eus

Justiziak arrazoia eman die Aiaraldeko Okondo Aurrera, Aiara Batuz eta Omnia alderdi independenteei. Aldeko sententzia hori eskutan, Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidentearen dimisioa eskatu dute. Honek, aldiz, argudiatu du hartutako neurriak pandemiaren testuinguruan kokatu behar direla, eta Kuadrillako zerbitzu juridikoek erabaki onena izan zela argudiatu zutela.

Aiaraldeko alderdi politiko independenteek Aiarako Kuadrillako presidentearen dimisioa eskatu dute. Justiziak arrazoia eman die Omnia, Aiara Batuz eta Okondo Aurrera taldeei, eta frogatutzat jo du duela urte eta erdi aurkeztutako salaketan adierazitakoa; 2019an abiatutako Aiarako Kuadrillako legegintzaldian oposizioaren eskubideak eta politikan parte hartzeko oinarrizko eskubideak sistematikoki urratuak izan direla alegia. Besteak beste, Kuadrillako Tokiko Gobernu Batzarreko kide izatea galarazi zaie talde independenteei.

Talde independenteek auzitara eraman zuten hauekiko jarrera, eta orain, aldeko sententzia eskutan Encina Castresana presidentearen dimisioa exijitu dute, egoeraren erantzule zuzena dela ulertuta. Hain zuzen ere, dimisio eskaera hori aurkeztu zuten iragan urtarrilaren 21ean egindako osoko bilkuran. "Epai honek urte eta erdi daramagun argudio guztiak babesten ditu, azpimarratuz eta erreklamatuz. Une honetan, Encina Castresana Kuadrillako presidentea lanaldi erdian dago liberatuta, eta arrazoi hori nahikoa da gertakari horien erantzukizuna merezi duen moduan bere gain hartzeko" adierazi dute hiru alderdi independenteek argitaratutako oharrean.

Prozesu judizialaren kostua

Auzitara jo aurretik egoera bideratzeko beste urrats batzuk eman zituztela adierazi dute talde independenteetako kideek, hala nola, kuadrillako presidentearekin bilerak eskatuta edota Aiarako Kuadrillan bertan errekurtsoak aurkeztuta: "Gure eskaera zen gure eskubideak aintzat hartzea, baina une oro entzungor egin zitzaigun eta ez zitzaigun entzun. Nazkatuta, salaketa jarri genuen auzitegietan".

Prozesu judizialak 10.000 euroko kostua izan duela azaldu dute eskualdeko talde politiko independenteek

Omnia, Aiara Batuz eta Okondo Aurrerako bozeramaileek nabarmendu dute  baliabide ekonomiko urriko talde horientzat "sakrifizio handia" eskatzen duela prozedura judizial batean sartzeak; "Kuadrillarentzat, ordea, ez da arazo, defentsa hori (eta orain epaiketaren kostuak) Aiarako Kuadrillako herritar guztien diruarekin ordaintzen baita".

Prozesu guztiak 10.000 euroko kostua izan duela azaldu dute eskualdeko talde politiko independenteek, eta nabarmendu dute diru hori aurreztu zitekeela baldin eta 2020ko ekainean talde politiko independenteen eskubideak onartuak izan balira. "Kopuru hori handiagoa da kuadrillak berdintasun-jardueretarako duen aurrekontua baino, eta epaiketaren gastuak ordaintzeko erabiltzen dena zentzugabekeria da" salatu dute oharrean.

Presidentearen erantzuna

Aiarako Kuadrillako presidenteak, Encina Castresanak, eskualdeko erakundean ordezkaritza duten talde independenteek egindako adierazpenei dagokienez, honako hau argitu nahi izan du: "Batzarra egiteko data aldatzea erabaki zen unean ezohiko egoera baten ondorioz izan zen, COVID-19ak markatutakoa, eta haren hedapenari eusteko ezarritako murrizketek eraginda". Horregatik, honakoa gaineratu du: "pandemia betean geunden, eta Aiarako Kuadrillako zerbitzu juridikoek erabaki egokiena zela uste zuten".

Halaber, ordezkariak argitu du inoiz ez zuela "fede txarrez" jokatu. "Kuadrillatik ez diogu inoiz inolako talde politikoren parte-hartzeari eragozpenik jarri, eta lan-ildo horri eutsiko diogu, administrazioak ahalbidetzen dizkigun bideak erabiliz", azpimarratu du Castresanak, eta argitu du bere "iritzia eta jarrera, Kuadrillako presidente gisa, beti izan dela ordezkaritza handiena duten talde politikoak eta talde txikiena dutenak proposamenak egiteko eta eskualdearen eta pertsonen aldeko ekimenak egiteko daudela".

"Aukera aprobetxatu nahi dut publikoki eskertzeko gainerako batzarkideen aldetik jaso dudan babesa", amaitu du Aiarako Kuadrillako presidenteak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide