Urratsak egin dituzte Añeseko San Sebastian baselizako horma-pinturak konpontzeko. Hala azaldu dio Añeseko Administrazio Batzarreko presidente Francisco Menoyo Uzquianok Aiaraldea Komunikabideari: "Proiektua egin da Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin, guk ez baitugu bitartekorik horrelako konponketak ordaintzeko. Orain, diru-laguntzen beste lerro batean aurkeztu dugu proiektua".
Menoyo baikorra da eta uste du aldundiak egitasmoa onartuko duela. Hala ere, zuhurtasunez jokatu eta aipatu du: "Diru kopurua sinatuta egon arte, ezin dugu ezer ziurtzat jo".
@restauraAraba twitter kontuak adierazitakoaren arabera, margo horiek jatorri herrikoia dute eta XIX. mendean egin ziren. Antza, hezetasunek kaltetu dituzte, eraikinaren kanpoko aldean agertutako landareen ondorioz sortutakoak.
Arabako Foru Aldundiak Lantenoko bi harbel historiko zaharberritzen lagundu du berriki.