Emanaldi berezia egongo da Faktorian datorren otsailaren 19an, larunbata. Ines Osinaga musikaria eta Joseba Sarrionandia idazlea igoko dira Laudioko Industriaguneko pabilioiko oholtzara, Olatu arteko txalupa arraroa ikuskizuna eskaintzeko.
20:30ean hasiko da emanaldia eta sarrerak salgai jarri berri dira, Faktoria.eus atarian. 100 leku daude guztira. Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko bazkideek horietako 60 erreserbatzeko aukera izan dute. Gauzak hala, 40 sarrera jarriko dira guztira salgai, eta ez da itxaron zerrendarik osatuko.
"Kantak eta berbak" uztartuko dituzte bi sortzaileek emanaldian zehar, duela ia hamar urte abiatutako sorkuntza-prozesua ardatz hartuta. Garai hartan Gosariak proiektua plazaratu zuten Sarrionandiak eta Ines Osinagaren Gose taldeak, idazleak Habanan sortutako dozena bat testu kantu bihurtuta.
Gauzak hala, abestiak eta horien gaineko azalpenak tartekatutako dituzte emanaldian zehar, kantu bakoitzaren atzean dagoen istorioa aletzeko.
Eskaintzen duten bigarren emanaldia izango da Faktoriakoa. Ea herrian eskaini zuten lehena, eta momentuz ez dute gehiagorik iragarri.