EAJ eta PSE-EEk osatzen duten Foru Gobernuak “linbo” batean utziko ditu Asasam elkarteak kudeatzen duen etxebizitza komunitarioko 12 erabiltzaileak, EH Bilduk azaldu duenez.
Oposizioko talde politikoak ohartarazi du Aldundiak Aiaraldeko elkartearekin duen hitzarmena bertan behera uzteko asmoa duela 2022. urtearen amaieran.
Talde politikoaren arabera, EAJ eta PSE-EEk osatzen duten Foru Gobernuak “linbo” batean utzi ditu Asasam elkarteak kudeatzen duen etxebizitza komunitarioko 12 erabiltzaileak. “Hitzarmen horri esker, etxebizitza komunitario batean 3 pertsona eta bizitza independenterako hezkuntza-laguntza duten 9 pertsona artatzen dira”, azpimarratu du Claudia Venceslao EH Bilduko Arabako batzarkideak.
Egoeraren “larritasuna” ikusita, EH Bilduk hainbat galdera egin zizkion Gizarte Politiketako foro diputatuari. Galdera horiek egin ostean, Gizarte Politiketako Sailak Asasami jakinarazi zion gaur egun 3 pertsona artatzen dituen bizitokia "bizitza independenteari laguntzeko etxebizitza" bihurtu ahalko litzatekeela, "baina ez ziren argitu ez arreta-plazak, ezta gaur egun hezkuntza laguntza jasotzen duten 9 pertsonen etorkizuna ere”, nabarmendu du EH Bilduk. Horrez gain, talde politikoak jakin izan du etxebizitzako 3 plaza horietatik 2 libre daudela, bertan sartzeko itxaron-zerrenda dagoen arren.
Gauzak hala, EH Bilduk iragarri du proposamen bat plazaratuko duela Aldundiko hurrengo osoko bilkuran, Asasamekin eginiko hitzarmenarekin erakundeak zer egin nahi duen zehazki ezagutzeko. Oposizioko talde politikoko kideek erantsi dute Araban “hutsune handia” dagoela buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak artatzeko egoitza plazei dagokionez, eta “oso larritzat” jo dute Foru Gobernuak “12 pertsonaren etorkizunarekin jokatzea”. Horren aurrean, “errespetua eta segurtasuna” eskatu dituzte Asasameko erabiltzaile eta familientzat.