Agerraldia egin dute Aiaraldeko eta Hego uribeko EH Bilduko ordezkariek Urduñako tren geltokiaren aurrean, Renferen C3 linearen egoera salatzeko. Koalizio abertzalearen esanetan 2020. urtetik zerbitzuaren kalitateak nabarmen egin du okerrera, eta tren-zerbitzuak etengabe ezabatuak izan dira.
Atzerapenak daudenean edota tren-zerbitzuak bertan behera geratzen direnean, erabiltzaileek abisua Renferen Twitter kontutik jaso behar dutela kritikatu du Irune Iturbe Amurrioko zinegotziak; "denbora-tarte gutxiarekin, erabiltzaileei eragozpen eta arazo ugari sortuz".
EH Bilduk salaketa ugari egin ditu gaiaren inguruan azken urteetan; 2020ko udazkenean udaletan eta Madrilgo Senatuan mozioak aurkeztu zituen, besteak beste. Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak gaiari buruzko hainbat galdera egin zizkion ere Espainiako Gobernuari, eta honek arazorik ez zegoela erantzun zion.
Otsailaren 16an elkarretaratzeak egingo ditu EH Bilduk Urduña, Amurrio eta Laudioko tren geltokien aurrean
Mozioak udaletan
EH Bilduk mozioak aurkeztuko ditu berriro ere Aiaraldeko eta Hego Uribeko udaletan. "Gidari berrien kontratazioarekin bazirudien egoera hobetu zela baina gure harridurarako, zerbitzuak txarrera egin du azken hilabeteetan" azaldu Itziar Biguri Urduñako alkateak.
Mozioen bidez bi eskari egin nahi dizkiete Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari eta Renferi: Pandemiaren aurretik zeuden tren bidezko zirkulazioaren ordutegiak eta kopurua berrezartzea, eta Arabako eta Bizkaiko aldirietako C3 linean herritarren premiekin bat datorren tren-zerbitzu lehiakorra bermatzea.
Mobilizazioak tren geltokietan
EH Bilduk mobilizazioak deitu ditu datorren otsailaren 16an, "kalitatezko tren-zerbitzu baten alde". Elkarretaratzeak Laudio, Amurrio eta Urduñako tren geltokien aurrean egingo dituzte, arratsaldeko 18:30etan.
"Trenbideko garraio publiko beharrezkoa da gure lurraldea lotzeko eta artikulatzeko, eta Arabak, Bizkaiak bezala, aldiriko trena behar du, bai eskualdeen artean, bai hiriburuekin lotzen jarraitzeko" defendatu du Bigurik.