Kultur sorkuntza Aiaraldean

Disko berriarekin itzuli dira Radio Revolución taldeko kideak Kubatik

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 8a, 18:31

Milaka pertsonen aurrean jo zuten Radio Revolución taldeko kideek Kuban. / Radio Revolución

Buenavista Social Clubeko Tommy Lowryk ekoiztu du Aiaraldeko taldearen lan berria. David Suini musikariak perkusioen grabaketetan lagundu du.

2020ko azaroa eta abendua oso hilabete oparoak izan ziren Radio Revolución taldeko kideentzat. Kubara bidaiatu zuten Aiaraldeko musikariek, bi helburu nagusirekin: disko berria grabatzea eta irlatik kontzertu bira egitea. 

Pandemiaren erdian sartu ziren herrialdean, “guztia itxita zeukatela”. Hala oroitu du Jurgi Ibarretxek, taldeko abeslariak. Ez ziren esku hutsik iritsi, 60 kilo botika eraman zituzten maletetan, irlak pairatzen duen blokeo ekonomikoa apurtzeko ekarpen gisa. 

Buena Fe taldeko David Suini perkusiolaria ezagutzen zuten, eta beraren bidez lortu zuten Egrem zigiluarekin harremanetan jartzea. “Kuban jaio zen lehen disketxea da, eta bertako kideek eman ziguten aukera Habanako Malekoitik hurbil duten Estudio 18-n grabatzeko, baita ondoren Buena Fe taldearekin bira egiteko ere”, azaldu du Ibarretxek. 

Diskoa grabatzen hasi baino lehen izan zuten lehen kontzertua, Los Pañuelos Rojos gazte erakundearen ekitaldi batean. La Casa de la Bombilla Verde kultur zentroan ere jo zuten. Joseba Sarrionandia idazlearekin egin zuten topo bertan. “Jatorra, bizkorra eta apala iruditu zitzaigun, kriston ohorea izan zen guretzat”. 

Sarrionandia ez zen izan Kuban ezagutu zuten persona ezagun bakarra. Izan ere, Buenavista Social Club talde mitikoko Tommy Lowry arduratu da aiaraldearren diskoa grabatzeaz. “Habanako tronpreta-jole hoberenetarikoa da eta Eduardo Sandoval tronboilariarekin batera grabatu zuen gurekin”. Beste hainbat musikari ere izan zituzten bidelagun lanaren ekoizpenean: Llilena rap abeslaria, William Vivanco abeslaria eta Ray Fernández trobadorea. David Suinik, bere aldetik, diskoko perkusioak grabatu zituen. 

Bideoklip bat grabatzeko tartea ere hartu zuten tokiko musikariek. La Habanako alde zaharra eta Malekoia hautatu zituzten horretarako. Baina ez zuten denbora askorik izan. 17 orduko bidaia zuten aurretik Buena Fe taldearekin, Guantanamoraino, bertan hasiko baitzuten kontzertu bira.

Kontzertu bira 

‘Chocolate con Café’ jaialdia ospatzen ari ziren Guantanamon, eta bertan aritu ziren Radio Revolucioneko kideak. “Herriko enparantzan estreinatu ginen, 4.000 pertsonen aurrean. Buena Fe taldea ikustera etorri ziren guztiak, baina gurekin ere dantza eta oihu dezente egin zuten”. 

Unibertsitatean eskaini zuten bigarren emanaldia, 1.500 ikasleren aurrean. “Oso pozik aritu ginen, ikusleak zein gu”, gogoratu du Ibarretxek, eta aitortu du “zirrara berezia” eragin ziela “Estatu Batuek 1906tik ilegalki okupatuta daukan base militarretik gertu” jotzeak. 

Jaialdia amaituta, Bayamo hirira mugitu ziren. “Granma probintzian kokatuta dago, eta Espainiako Inperiotik independizatu zen lehen hiria da”. La Bayamesa  auzoan eskaini zuten kontzertua, ordura arteko harrera bero berdinarekin. 

Hura izan zen birako “kontzertu ederrena”, musikari laudioarraren aburuz. “Jendea erotu zen gurekin eta are gehiago Buena Fe taldearekin”. Radio Revolucioneko kideek ez zuten horrelako harrerarik espero, irlara iritsi zirenean dena itxita zegoelako COVID-19aren ondorioz. “Gaur egun pandemia garaitu dute, irla osoan 1.000 kasu bakarrik izanik. Zientzia eta medikuntza pertsonen zerbitzura jarri dute eta ez negozioaren zerbitzura, eta emaitzak izugarri onak izan dira”.

Dokumentala ere labean

Kuban bizitakoa “amets polit” bat izan da Aiaraldeko taldearentzat. PM records estudioan nahastu zuten diskoa eta laster ateratzeko asmoa dute. Baina ez dira diskoarekin soilik itzuli Euskal Herrira. Justin Alde zinemagileak bira osoa grabatu zuen, eta hemendik hilabete batzuetara prest izango du irlan barrena bizitako abenturaren dokumentala. 

Ibarretxe pozik azaldu da lortutako emaitzarekin. “Lan bikaina ekarri dugu Kubatik”, ziurtatu du. Sortzaile laudioarrarentzat, “gizateriaren erreferentea” da irla. “Biziki maite dugu iraultza sozialistak hemen egindako lana. Alfabetizazio kanpaina itzela izan zen eta horren ondorioz jende gehienak unibertsitate ikasketak ditu, nahiz eta musikari edota txoferra izan. Inoiz ahaztuko ez dugun esperientzia izan da”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide