Euskal Herriko Itzuliak Aiaraldea bisitatuko du berriro ere aurtengo edizioan. Antolakuntzak publiko egin ditu txirrindularitza lasterketako etapen ibilbideak eta profilak. Hondarribian hasi eta Arraten, Izuako gainean, bukatuko da Itzuliaren 61. edizioa. Guztira 6 jardunaldi izango dira.
Aiaraldean barrena
Apirilaren 4an zeharkatuko ditu Euskal Herriko Itzuliak eskualdeko errepideak, lasterketaren 3. etapan alegia. Laudion hasi eta Amurrion amaituko da etapa, tartean 180 kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre munduko hamaika herrialdetatik etorriko diren kirolariek.
Laudiotik abiatu eta Altubeko mendatea igo beharko dute txirrindulariek, Murgiara iristerakoan berriro ere Laudiora arte jaisteko. Behin Laudiora itzulita, odisea hasiko da Aiaraldeko errepideetan barrena: Okondotik Opellorara igaro eta birritan igo beharko dute Ozekako gaina Amurrioko helmugarantz abiatu aurretik.
Aritz Arberas Bahrain Victorious taldeko prestatzaileak "giroa" aurreikusi du Ozeka inguruko maldetan.
2021eko edizioa
Iazko edizioan egundoko gozamena izan zuten txirrindularitza zaletuek. Amurrion hasi eta Laudioko Ermualden bukatu zen etapa. Ermualdeko mendateko maldetan herritar ugari elkartu ziren. Lehia bizia izan zen azken unera arte, eta Tadej Pogačar esloveniarra igo zen podiumera.