Kalean da honezkero Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 155. zenbakia. Elkarrizketa eta erreportaje ugari biltzen ditu agerkariak.
Artiacheko langileek hartu dute hamabostekariaren azala eta erreportaje nagusia. Ehun urte igaro dira 1922an gaileta fabrikako langileek 8 orduko lanaldiaren aldeko greba egin zutela. Lan hitzarmen berri baten aldeko lanuzte eta mobilizazioekin egin du topo efemerideak eta, testuinguru horretan, Aiaraldea Komunikabideak Artiacheko langile borrokaren birpasa historikoa egin du, gailetagileen lekukotzak baliatuta.
Sexu heziketa ere izango da agerkariaren zenbaki berriko gai nagusietako bat. Sexologian eta psikologian aditua den Diana Ibargutxi elkarrizketatu du komunikabideak, gaiaren inguruan dauden mito eta erresistentzia guztiak aletzeko asmoz.
Elkarrizketa gehiago ere jasotzen ditu hamabostekariak: liburu berria argitaratu duen Sara Cabrera idazle laudioarrarena, David Gamboa Artziniegako zinema zuzendariarena edota asteburuan Amurrion egingo den Quidditch txapelketako Mikel Ganzedo antolatzailearena.
Banaketa puntuak
Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, ikastetxe eta kaleetan. Honako banaketa puntu hauetan topatu daiteke, besteak beste:
- Aldai plaza (Laudio)
- Abasto plaza (Laudio)
- Luiaondoko supermerkatua
- Laudioko kiroldegia
- Artziniegako frontoia
- Atxetako Dia