Hasi da mozorroak prestatu eta inauteri jaietan murgiltzeko atzera kontaketa

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 14a, 20:49

Egitarau oparoa prestatu dute Aiaraldeko udalerri gehienetan otsaileko azken astebururako. / Aiaraldea.eus

Pandemia egoerak iazko inauteriak baldintzatu ostean, nolabaiteko "normaltasunarekin" itzuliko dira kalejira eta mozorro lehiaketak eskualdera. Aiaraldea Komunikabideak inauteri jaietako egitarauak aletu ditu udalerriz udalerri.

Mozorro eta kalejirek Aiaraldeko udalerrietako kaleak hartu dituzte otsaileko azken asteburuan. Pandemiaren eraginez iaz bertan behera geratu ziren ospakizunak berreskuratuko dituzte aurten. Kalejirek hartuko dute protagonismo nagusia, baina bestelako ekintza ugari ere prestatu dituzte Aiaraldeko udal eta eragile kulturalek: musika emanaldiak, mozorro lehiaketak edota irudimena dantzan jartzeko hamaika tailer.

Aiaraldea Komunikabideak udalerriz udalerri aletu du inauteri festen egitaraua.

Urduña: musika eta mozorro festa

Otsailaren 25etik martxoaren 1era luzatuko dira festa ospakizunak Urduñan. Ostiralean (otsailak 25) maskara eta makillaje tailerra eskainiko dute Alondegian 4 eta 10 urte bitarteko haurrentzat, egitarauari hasiera emanez.

Otsailaren 25etik martxoaren 1era luzatuko dira ospakizunak Urduñan, eta egitarau oparoa prestatu dute, musika eta mozorroak ardatz.

Otsailaren 26a izango da egun handia: Orkresta elektrotxarangak hiriko kaleak girotuko ditu 13:00etatik aurrera, eta 18:30ean aratuste desfilea egingo dute Urduñako Herri Eskolako patioan. Desfilean parte hartzeko azken izen-emateak egun horretan bertan jasoko dituzte; 17:00etatik aurrera eskola publikoan bertan. Larunbateko programazioa ixteko ardura DJ Paco eta DJ Varro musika jartzaileek izango dute, 19:00etatik aurrera luzatuko den diskofestarekin.

Biharamunean, otsailaren 27an, musika izango da nagusi berriro ere. Santa Sezilia bandak kalejira abiatuko du 12:00etan, eta Erauntsi dantza taldeak dantza-plaza prestatu du 13:00etarako.

Otsailaren 28 eta martxoaren 1ean, ordea, inauteriekin lotutako tailerrak antolatuko dituzte. Astelehenean inauteri-tostadak egiteko tailerra prestatuko du Marmita elkarteak Alondegian. Asteartean, berriz, liburutegira mugituko dituzte ekintzak, Onward haurrentzako filmaren proiekzioa tartean.

Otsailaren 18ra arte luzatuko da egun guzti horietan egingo dituzten tailerretan izena emateko epea, eta Alondegian bete beharko da inskripzioa.

'Kakarro Birigarro' mozorro lehiaketa Amurrion

Amurrion, 'Kakarro Birigarro' mozorro lehiaketa eta desfilea izango da inauterietako egitarauaren protagonista. Otsailaren 26an ospatuko dute lehiaketa, 19:00etan, baina jai-giroak lehenagotik hartuko du udalerriko erdigunea. 17:00etan Txaranga Kalean fanfarreak Amurrioko kaleak musikaz girotuko ditu. Ordu berdinean, Bombo Festak jarriko dio erritmoa Juan de Urrutia plazari.

Mariaka eta Marigabon erraldoiek irekiko dute otsailaren 26an Santa Maria elizatik abiatuko den desfilea.

Mariaka eta Marigabon erraldoiek irekiko dute desfilea Santa Maria elizatik, eta Juan de Urrutia plazan amaituko da. Bertan egingo dute lehiaketako sari banaketa. Hiru kategoria daude, talde parte-hartzaileetako pertsona kopururaren araberakoak. Laugarren kategoria bat ere aurkeztu dute, hiru pertsona baino gehiagoko taldeentzat, baina kasu honetan gaia itxia izango da: itsasoa. Bestelako sariak ere banatuko dituzte, desfileko koreografia onenari tartean. Mozorro lehiaketaren ostean, jai-giroa luzatzeko aukera egongo da Bonbo Festak prestaturiko diskofestarekin.

Martxoaren 1ean ere hainbat jarduera egingo dituzte, kasu honetan San Anton Plaza estalian, 16:45etatik aurrera. Gurutze Gorriak txokolatada prestatuko du eta 17:00etan Xabiroi musika ikuskizuna hasiko da, haurrentzako dantza lehiaketa eta guzti. Kakarro Judasen erreketak itxiera emango die inauteri ospakizunei Amurrion, 18:30ean. 

Inauteriak Orozkon, Okondon eta Aiaran

Orozkon, Aiaran eta Okondon ere prestatu dute egitaraua inauteri asteburua girotzeko. Okondon ikuskizuna eta sukaldaritza tailerra prestatu dituzte. Otsailaren 25ean Tor magoak Amarru ikuskizuna eskainiko du Kultur etxean, 17:00etan. Otsailaren 27an, berriz, jakiak mozorratzen ikasteko 'tranpantojo' tailerra egingo dute.

Orozkon, otsailaren 25ean bilduko dute egitarau guztia. 17:00etatik hasita hainbat tailer egingo dituzte Zubiaur Plazan eta frontoian 'ileapaindegi zoroa' ekimenean parte hartzeko aukera egongo da. 18:30ean 'Orozko Talent' ikuskizunaren 3. edizioa eskainiko dute eta, eguna bukatzeko, txokolatada egingo da Zubiaur Plazan, 20:00etatik aurrera.

Aiaran ere zenbait jarduera egingo dituzte. Otsailaren 27an Izoriako txokoan antolatuko duten txigortuak egiteko tailerrak emango dio hasiera egitarauari. Otsailaren 28rako umeentzako inauteri tailerra prestatuko du Kili-kili elkarteak udaletxeko aretoan. Estralurtarrak gai nagusi bezala hartuta, hainbat jolas eta eskulan egingo dituzte, baita festa txiki bat ere. 10 urtetik gorako haurrentzat ere egongo da zer egina; egun horretan "gore" makillaje tailerra antolatuko baitute Luiaondoko ludotekan, 17:00etan.

Desfilea eta lehiaketa Artziniegan

Artziniegan ere mozorroen kalejira eta lehiaketa antolatu du udalak. Desfilea otsailaren 26an, arratsaldeko 19:30ean, abiatuko da Toñin Luengas frontoitik eta herriko kaleak zeharkatuko ditu. Plazan amaituko da, bertan iragarriko dituztelako lehiaketako irabazleak. Norgehiagokan parte hartzeko izen-ematea ordu erdi lehenago zabalduko dute; 19:00etan frontoian bertan.

"Aurten jende-pilaketarik ez gertatzeko, jarduera ibiltariak egitea erabaki da. Hala, herritarrek modu seguruan gozatu ahal izango dituzte ekitaldi guztiak"

Lezeagako sorgina Laudion dantzan berriro

Laudioko inauterietako osagai nagusi den Lezeagako sorginak agerpena egingo du aurten berriro ere. Laudioko Udalak egitaraua prestatu du otsailaren 26 eta martxoaren 1erako. "Aurten jende-pilaketarik ez gertatzeko, jarduera ibiltariak egitea erabaki da. Hala, herritarrek modu seguruan gozatu ahal izango dute ekitaldi guztiez" azaldu du Maite Cortazar kultura zinegotziak. Gauzak horrela, hainbat txarangek eta ikuskizun ibiltarik girotuko dituzte herriko kaleak, eguerditik iluntzera arte.

Lezeagako Sorginak gidatuko duen desfilea 18:30ean abiatuko da, Ugarte auzoko Lezeaga eta Lamuza kaleen arteko bidegurutzetik. Kalejiran hainbat ikuskizun tartekatuko dituzte mozorro taldeen artean. Jende pilaketak ekiditeko asmoz, sari banaketa leku itxi batean egingo dute, 19:30ean; irabazleei telefono bidez jakinaraziko zaie.

Mozorro lehiaketan eta desfilean parte hartzeko izen-ematea otsailaren 24an irekiko da. Horretarako, mezu elektronikoa bidali beharko da ihauteriak2022@laudio.eus helbide elektronikora. Otsailaren 26an ere, izena-emateko aukera eskainiko dute; 16:30etatik 17:45etara Kultur Etxeko sarreran.

Martxoaren 1ean haurrentzako jolas parkea antolatuko dute Aldai plazan, 17:00etatik 19:30etara, eta 17:45ean ikuskizuna taularatuko dute Herriko Plazan: Circus Show. Egitarauari itxiera emateko, Lezeagako sorginak maltzurkeria erreko du Herriko Plazan egingo den ekitaldian.

Aratusteak herritik eta herriarentzat

Laudioko eragile eta bizilagun talde batek Laudioko Herri Aratusteen egitaraua aurkeztu zuen iragan ostiralean. Hainbat egunetako programazioa osatu dute "aratuste herrikoi eta parte hartzaileak" aldarrikatzeko. Aiaraldea Komunikabidea antolakuntzako bi kiderekin elkartu zen ekimenaren inguruan solasteko.

Igande honetan, otsailak 20, emango diote hasiera egitarauari, Kirikiño Atseden Taldeak Isasi auzoan atondutako Basoa espazioan egingo duten joaldun eta momotxorro tailerrarekin. Otsailaren 25ean, aldiz, kalejiran abiatuko dira momotxorroekin Lamuza Parketik, Herriko Plazara arte.

Egitarauaren gehiengoa otsailaren 26an bildu dute. Goizean tostadak egiten ikasteko sukaldaritza tailerra egingo dute Faktorian, 11:00etatik aurrera. Eguerdian, aldiz, herrigunera mugituko dituzte ekintzak; 'Aratuste Irratia' piztu eta zuzeneko emisioa eskainiko dute Aldai Plazan, karetak banatu eta argazki erakusketa atontzeaz gain. Arratsaldean, kalejira nagusira batuko da herri aratusteen blokea.

Asteartean -martxoak 1- emango diote amaiera herri aratusteen egitarauari Ugarte auzotik kantu-eskean aritu ostean. 17:00etan abiatuko dute azken ekintza hori, eta askaria ere eskainiko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide