KRONIKA

Beste urrats bat erresidentzietako borrokak sozializatu eta saretzera bidean

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 15a, 15:29

Dozenaka lagun bildu ziren Kultur Etxean. / Aiaraldeko Greba Batzordea

Topaketa jendetsua egin zuten atzo Laudioko Kultur etxean. Dozenaka herritar, sindikatuetako ordezkari, pentsiodun, erresidentzietako langile edota erabiltzaile bertaratu ziren. 

Dozenaka lagun bertaratu ziren atzo Laudioko Kultur etxean eginiko topaketara. Bertan egon ziren La Encina egoitzako langileak, Orozkoko Madres Mercedariaseko grebalariak eta eskualdeko egoitza publikoetako langileak, besteak beste. Hainbat pentsiodun ere gerturatu ziren, eta baita zenbait herritar ere. Sindikatuetako ordezkariek eta Babestu Araba elkarteko kideek ere parte hartu zuten bi orduz luzatu ziren solasaldietan. 

Arabako erresidentzia pribatuetako hitzarmena negoziatzen ari den plataforma intersindikalak antolatu zuen topaketa, eta Aiaraldeko Greba Batzordeko kideak arduratu ziren dinamizazio lanez. Sindikatuetako kideak izan ziren hitza hartzen lehenak. Hitzarmenaren negoziazioan egondako gorabeherak azaldu zituzten. “Hiru urte eman ditugu mota guztietako mobilizazioak egiten patronala eratu zedin, ez genuelako norekin negoziatu”. Lehen pauso hori lortua dute dagoeneko, baina patronal horren “erabateko blokeoarekin” egin dute topo orain. “Ez digute inolako proposamenik egiten”. 

Nabarmendu zutenez, Araban ez dago hitzarmen sektorial propiorik. “Estatuko hitzarmena aplikatzen da. Gauzak hala, hemengo lan-baldintzak Bizkaia eta Gipuzkoakoak baino nabarmen txarragoak dira”.

“Zaintzarekin ez litzateke negoziorik egin behar, pertsonak zaintzea ez baita torlojuak ekoiztea bezala”

Azalpen horiek eman ostean, eztabaida ireki formatua hartu zuen topaketak. Pentsiodunek edota herritarrek egiten zituzten galderak erantzuten eman zuten denbora gehiena. La Encina eta Madres Mercedarias egoitzetako langileek euren egoeren berri eman zuten, hurbildutako askoren harridurarako. “Banekien egoitzetako egoera ez zela ona, baina ez nekien horren txarra izango zenik”, aipatu zuen  pentsiodunetako batek. 

“Aberatsak ez doaz erresidentzietara”

Erresidentzien pribatizazioa izan zuten hizpide, besteak beste. “Egoitzen %30 da publikoa -eta %70 pribatua- lehen alderantziz zenean”. Eta gehiagora doa: “Gasteizen irekiko dituzten 2 erresidentzia berriak kudeaketa pribatua izango dute, kooperatiben bidez”.

Izan ere, langileen baldintzek eragin zuzena dute erabiltzaileen ongizatean. “Zaintzarekin ez litzateke negoziorik egin behar, pertsonak zaintzea ez baita torlojuak ekoiztea bezala”. 

Ordezkari sindikalek argi utzi zuten: “Aberatsak ez doaz erresidentzietara. Dirua duenak bere etxera eramaten ditu zaintzarako behar dituen baliabideak. Gainontzekook, prekarioak garenok, erresidentzia bat edo beste hautatu behar dugu, gure gaitasun ekonomikoen arabera”. 

Aurrera begira

Bi ondorio argi atera zituzten atzoko jardunaldian: erresidentzietako langileen egoera sozializatu  beharra dagoela eta urratsak eman behar direla borrokak saretzen jarraitzeko. “Elkarlana garatu behar da langileen, pentsiodunen edota erabiltzaileen artean”, ondorioztatu zuen Babestu Araba elkarteko kide batek. Horri begirako beste ekimen bat izan zen atzokoa, antolatzaileen aburuz. 

Aurreratu zutenez, pauso gehiago emateko asmoa dute datozen asteetan. Madres Mercedariaseko langileen borrokak aurrera darrai, eta zaintza sektoreari buruzko jardunaldi batzuk ere prestatzen ari dira, martxoaren 8ra begira. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide