Urduñako, Amurrioko eta Laudioko tren geltokien aurrean mobilizatu da EH Bildu Renferen C3 linearen egoera salatzeko. 2020tik zerbitzuak okerrera egin duela dio koalizio abertzaleak, eta zirkulazioen ordutegiak eta kopuruak berrezartzea eskatu dute.
Atzerapenen eta bertan behera geratzen diren tren-zerbitzuen inguruko informazioa Twitter bidez jakinarazten direla ere kritikatu du EH Bilduk, "denbora-tarte gutxirekin eta erabiltzaileengan eragozpenak sortuz".
Gauzak horrela, pandemiaren aurretik zeuden tren bidezko zirkulazioaren ordutegiak eta kopurua berrezartzea, eta Arabako eta Bizkaiko aldirietako C3 linean herritarren premiekin bat datorren tren-zerbitzu lehiakorra bermatzea eskatu diote Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari.
Eskaera hori, mozio bidez eramango du Aiaraldeko eta Hego Uribeko udaletara EH Bilduk datozen asteetan. Ez da gaiari lotuta koalizioak aurkezten duen lehenengo mozioa; 2020ko udazkenean eskakizun berdina aurkeztu zuen eskualdeko udalbatzetan eta Madrilgo Senatuan.
Argazkiak: EH Bildu eta Aiaraldea.eus