Murgako ur biltegiaren aprobetxamendurako proiektua kontratatzeko prozedura abiatu du Arabako Foru Aldundiak. 627.525,3 euro baliatuko ditu horretarako, eta kontratatuko duten enpresak 9 hilabete izango ditu lanak amaitzeko, behin esleipena eginda.
Honako helburua izango dute obrek: Laudioko hainbat zonaldetako ur-horniduraren gabezia konpontzea. Aldundiak azaldu duenez, Murgako biltegiak 2.500 metro kubiko ditu, eta gaur egun ez da bertan dagoen ur guztia erabiltzen. Horregatik erabaki dute biltegia Laudioko hoditegira konektatzeko obra egitea, bertako ura Aiaraldeko udalerri handienean ere ustiatu ahal izateko. Izoriako araztegitik igaroko da korrontea, tratatutako ur bihurtzeko. Gauzak hala, hemendik aurrera Laudio zein Luiaondo hornituko dira araztegi horretako urarekin.
Orain arte, Ugarte eta San Bartolome auzoetako biltegien bidez burutu da Laudioko ur-hornidura, baina bi toki horiek txiki geratu dira udalerriko beharrak asetzerako orduan.