Martxoaren 13an egingo dute eskualdeko Berdintasunaren Aldeko Ibilaldi Neurtuaren edizio berria

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 18a, 19:00

Aiarako Emakumeen Gelan aurkeztu dituzte ibilaldiaren III. edizioaren nondik norakoak. 12 kilometroko luzera izango du eta Amurrio, Luiaondo eta Laudio lotuko ditu. Asteartean egongo da irekirik izena emateko epea.

Martxoaren 13an egingo dute Berdintasunaren Aldeko Martxa Neurtuaren edizio berria, Altzarrate Kirol Elkarteak eta Kaskagorri Futbol Taldeak elkarlanean antolatutakoa. Horrela adierazi dute gaur -otsailak 18- Aiarako Emakumeen Gelan egindako aurkezpenean.

Bertan egon dira Gentza Alamillo Aiarako alkatea, Txerra Molinuevo Amurrioko alkatea, Ander Añibarro Laudioko alkatea, Loli Muriel Laudioko berdintasun zinegotzia eta Encina Castresana Aiarako Kuadrillako lehendakaria.

2020an, COVID-19aren pandemiaren eraginez, azken unean bertan behera utzi behar izan zuten III. edizioa, eta hori berreskuratuko dute aurten. Gentza Alamillok martxa antolatzeko Altzarratek eta Kaskagorrik egindako ahalegina goraipatu du gaur goizeko agerraldian.

Bide beretik, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko egitasmoari babesa adierazi diote Loli Murielek eta Encina Castresanak. Laudio eta Amurrioko alkateek, bestalde, herritar orori luzatu diote ekimenean parte hartzeko gonbita.

Martxoaren 13an abiatuko da martxa Amurrioko Juan de Urrutia plazatik zein Laudioko Herriko Plazatik,  10:00etan.

Martxa neurtua

Amurrioko Juan de Urrutia plazatik zein Laudioko Herriko Plazatik abiatuko da martxa,  10:00etan. Bi ibilbideek Nerbioiko ibaiaren ertza jarraituko dute eta Luiaondo izango dute geraleku. Aurtengo edizioan, osasun egoerak baldintzatuta, jende pilaketak saihestuko dituzte Luiaondon atonduko duten  postuan.

Martxak 12 kilometroko luzera izango du, eta ibilbidea laua eta erreza dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Altzarrate eta Kaskagorriko kideak arduratuko dira parte hartzaileen denborak kontrolatzeaz irteera eta helmuga postuetan. "Ez du lehenengoak irabaziko, ezta azkenak ere. Erabilitako denbora neurtuko da eta tarteko denborek jasoko dituzte opariak" azaldu dute antolakuntzako kideek. Sarien banaketa hori Arespalditzako Emakumeen Gelan egingo dute, denbora guztiak egiaztatu eta tarteko denborak kalkulatu ostean.

Izen-ematea otsailaren 22an zabalik

Izen-emate epea otsailaren 22an zabalduko dute, eta martxoaren 10ean itxi. Inskripzio orria Aiarako Udalean eta Altzarrate eta Kaskagorri taldeen bulegoetan egongo da eskuragarri. Laudion Altzarrateko kideak eta herri-laguntzaileak udaletxe sarreran egongo dira astearte eta ostegunetan, 11:00etatik 13:00etara.

Amurrion, aldiz, Kaskagorri elkartea Kultura Etxean egongo da izen emateak jasotzen, astelehenetik ostegunera 17:00etatik 19:00etara, eta ostiraletan 11:00etatik 13:00etara.

Izen emateak 5 euroko kostua izango du, eta 2020an ordaindu zuten parte hartzaileek ez dute berriro egin beharko. Era berean, bertan behera geratu zen edizio hartako kamiseta zutenek ez dute kamiseta berririk eskatu beharko.

Lehenengo edizioan 400 lagun elkartu zituen martxak, eta 2019an ia mila izan ziren bertaratutakoak. Aurten ere, parte-hartzaile kopuruak gora egitea espero dute antolatzaileek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide