Sindikatuek arrakastatsutzat jo dute Osakidetzako lehen greba eguna

Aitor Aspuru Saez 2022ko ots. 25a, 14:24

Gaur eta astelehenean, otsailaren 28an, greba egunak daude deituak Osakidetzan. ELAk adierazi duenez, Laudion lanuztearen jarraipena ia %70ekoa izan da eta %60koa Amurrion. Eskualdeko osasun zentro handienak dira horiek.

Gaur greba eguna izan dute osasungintzako sektore publikoko langileek. Lehen Arretako kolapsoa salatzea izan da mobilizazioaren helburua, Eusko Jaurlaritzak bitartekoak bideratu dezan egoera hori gainditzeko.

ELAk oso modu positiboan baloratu du lanuztearen jarraipena eta ziurtatu du azken urteetako grebarik sendoena izan dela. Halaber, aipatu du atal batzuetan erabatekoa izan dela arrakasta: Bezeroarentzako Arreta Eremuetako langileen artean, adibidez. Gainera, EAEko zenbait osasun zentrok ez dituzte ateak ireki.

Aiaraldeari dagokionez, ELAk aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari eragina nabaria izan dela. Lehen Arretako langileen %60 batu da deialdira Amurrion eta ia %70 Laudion

LABek ez du datu zehatzik eskaini oraindik, baina adierazi du jende ugari elkartu dela kontzentrazioan.

Astelehenean greba berriro

Otsailaren 28an, astelehenean, ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek greba egingo dute berriro. Horrez gain, bihar Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan manifestazioa egingo dute eguerdian eta parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei.

Datuen gerra

Grebaren jarraipenaren datuek, edonola ere, talka informatiboa sortu dute Osakidetza eta sindikatuen artean. Osasun sistema publikoak %20an kokatu du langile grebalarien kopurua, baina langile erakundeek leporatu diote iruzur egitea: "grebarekin bat egiteko aukera izan dutenen artean zenbat jendek egin duen greba adierazi beharrean (adierazi dugu gutxieneko zerbitzu gisa izendatutakoek ez dutela aukera hori), plantilla osoa hartzen du oinarritzat, nahiz eta jakin plantilla horren zati handi batek ezin duela greba egin".

Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide