Gaur 46 urte bete dira Gasteizen poliziak bost behargin hil zituenetik. Lau hamarkada baino gehiago igaro dira, baina Koldo Gaviñak ondo oroitzen du gertatutakoa, bertan egon baitzen. “Langileen bilera bat egiten ari ginen, garai horietan egiten ziren beste asko bezalakoa”, oroitu du garai hartan Aceros de Llodion lan egiten zuen amurrioarrak, “Elizan geunden eta polizia jendea kanporatzen hasi zen. Tiroak entzun genituen eta eraikinaren barruan geratu ginen ordu erdiz”. Atera zirenerako jada ez zegoen ezer, anbulantziak baino ez. “Hurrengo egunera arte ez genuen jakin zer gertatu zen”.
Lehenengo greba orokorra
Hurrengo egunean Laudiora ere iritsi zen albistea. “Segituan gelditu genituen fabrikako makinak”, oroitu du Aceros de Llodioko langilea ere zen Kepa Garrotek. Lantegitik atera eta herriko plazara abiatu ziren beharginak. San Pedro elizan bilduta erabaki zuten greba orokorra deitzea, Aiaraldeko lehena izango zena. Bi egunez luzatu ziren lanuzteak, eta herri osora zabaldu zen protesta, ikasleekin eta herriko beste hainbat bizilagunekin batera.
Mobilizazioetako batzuk oso jendetsuak izan ziren; Garroteren arabera, 8.000 pertsona batzera iritsi ziren. Guardia Zibila presente egon zen egin ziren ekimenetako batzuetan. “Hesi bat osatu zuten plazan eta tiratzaileak jarri zituzten teilatu gehienetan. Baina geroz eta gehiago hurbiltzen hasi ginen. Guardia zibilek atzera egin zuten orduan, harik eta paretaren aurka jarri ziren arte. Euren fusilen kanoiak ukitzera iritsi ginen ia, buelta eman eta alboko kaletik joatea erabaki genuen arte”.Elkartasuna ez zen mobilizazioetara mugatu. “Langileen egun bateko soldata bildu eta Gasteizen hildakoen senideei eman genien”, nabarmendu du Gaviñak.
Argi dago: Martxoaren 3ak eragin handia izan zuen eskualdean. Lehenago lantegietan protesta eta ekimen ugari egin ziren arren, Gasteizko gertakariek erein zuten Aiaraldeko langile mugimenduaren hazia, eta hurrengo urteetan oso indartsua bilakatuko zen.
Aceros 25 urte dokumentalerako eginiko elkarrizketetan kontatu zituzten Gaviñak eta Garrotek arestian aipatutako bizipenak: