Martxoaren 13an egingo dute Berdintasunaren Aldeko Martxa Neurtuaren edizio berria, Altzarrate Kirol Elkarteak eta Kaskagorri Futbol Taldeak elkarlanean antolatutakoa.
Amurrioko Juan de Urrutia plazatik zein Laudioko Herriko plazatik abiatuko da martxa, 10:00etan. Bi ibilbideek Nerbioiko ibaiaren ertza jarraituko dute eta Luiaondo izango dute geraleku. Aurtengo edizioan, osasun egoerak baldintzatuta, jende pilaketak saihestuko dituzte Luiaondon jarriko duten horniketa puntuan.
Martxak 12 kilometroko luzera izango du, eta ibilbidea laua eta erraza dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Berdintasunaren aldeko egitasmoan parte hartu nahi dutenek dortsal bikoitzaren zozketan izena eman dezakete, hemen. Irabazlearen izen-abizenak martxoaren 11n jakinaraziko ditu Aiaraldea Komunikabideak.