Green Capital enpresaren aurreproiektua hautatu dute Jesurin aurreikusitako parke eolikorako

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mar. 12a, 11:00

Iragan urtarrilean Jesurira egindako mendi martxa. / Aiaraldea.eus

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Ingurumen Sailak ebatzi du Green Capital enpresak aurkeztutako aurreproiektua onartzea, Laudio eta Orozko artean egin nahi duten parke eolikoa gauzatzeko.

Green Capital Development 147 S.L enpresak eskaera aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Jesuri mendian bost aerosorgailuz osatutako parke eolikoa eraiki eta kudeatzeko irekitako deialdira. 

Iragan martxoaren 1ean Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariak sinatutako ebazpenak oniritzia eman dio Green Capital-ek aurkeztutako aurreproiektuari, administrazio-baimena eskatzeko eskumen-prozedura ebatziz.

Green Capitalen aurreproiektua onartuta, enpresak zazpi hilabeteko epea dauka dokumentazioa aurkezteko

Hain zuzen ere, Green Capital izan da Jesurin eolikoak jartzeko interesa erakutsi duen enpresa bakarra, eta ebazpen honi esker bidea libre dauka proiektu bat aurkezteko. Orain, zazpi hilabeteko epea du beharrezko dokumentazioa aurkezteko, Garapen Ekonomiko eta Ingurumen Sailak proiektuari argi berdea eman diezaion.

200 metroko 5 aerosorgailu dira Orozko eta Laudio arteko mendi tontorretan jarri nahi dituztenak. Jesurikoaz gain, Gorobel mendilerroan ere bi parke eoliko gehiago aurreikusi ditu Gaztela Leongo gobernuak.

Asanblada irekia

Iragan ostegunean gaia lantzeko hitzaldia eskaini zuen Arabako Mendiak Aske plataformak Laudioko Kultur etxean. Ez da eskualdean antolatzen duten lehenengo solasaldia, izan ere, Amurrion, Orozkon eta Aiaran ere egon dira parke eolikoen nondik norakoak azaltzen. Plataformako kideek aurreratu zutenez, eskualdeko asanblada bat burutzeko asmoa dute datozen asteetan, "herritarrak antolatu eta parke eolikoen proiektuei erantzuteko" asmoz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide