Martxoaren 26an ekingo diote Arabako Kontzeju Elkartearen zuzendaritza berria hautatzeko bozkaketari, Salburuako Zentro Zibikoan (Gasteiz), 10:30ean. Arabako Administrazio Batzar bakoitzak boto bakarra izango du eta bi zerrenda aurkeztu dituzte guztira. Bietan dago Aiaraldeko herritar bana.
Jarraikortasunaren aldeko apustua izango da Joseba Terreros Luengas buru duena. Izan ere, Arespalditzako kontzejuko presidentea -bere bigarren legealdian sartu da kargu horrekin- Arabako Administrazio Batzarren ordezkari nagusia izan da azken lau urteetan eta irabaziko balu, ardura horretan jarraituko luke. Berarekin batera, Maria Gonzalez Sola hereñarra egongo da presidenteorde lanak egiteko, eta Lucas Mugika Foronda onraitarra proposatuko dute diruzaina izateko. Azkenik, Ana Maria Fernandez de Larrea Pinedo izendatu nahi dute idazkari.
Oscar Campo Martinez de Zuazo Narbaizako zinegotziak lideratuko duen zerrendak, bestalde, Alberto Quincoces Elejalde Tertangako Administrazio Batzarreko Presidentearen eskuetan utziko ditu idazkariaren erantzukizunak. Quincocesek duela 37 urte parte hartzen du Tertangako kontzejuan eta 1993tik da bertako presidente. Horrez gain, ADR Zabaia Garapen Agentziako zuzendaritzan dabil. Zerrenda horrek Nagore Ruiz de Zarate Cantal abornikarra proposatuko du presidenteorde gisa eta Letizia Garcia Fernandez luzuriagarra, aldiz, diruzainaren postua hartzeko.