Korrika ez da oraindik amaitu Aiaraldean

Txabi Alvarado Bañares 2022ko apirilaren 4a

Ostegunean abiatu zen Korrika Amurriotik. / Aiaraldea.eus

Urduñako Korrika Txikia, Euskarazko Dokumentalen Astea eta Donostira joateko autobusa antolatu dituzte, besteak beste. 

Iragan ostegunean abiatu zen 22. Korrika Amurriotik, eta egun berean zeharkatu zuen eskualde osoa. Hala ere, euskararen aldeko ekimen hori ez da guztiz amaitu eskualdean. Izan ere, datozen egunetan beste hainbat jarduera egingo dira ‘Hitzekin’ lemapean. 

Dokumental maratoia Orbeko Etxean

Orbeko Etxean, adibidez, 'Euskarazko dokumentalen astea' egingo dute. Gaur abiatu dute ekimena, Gerra hemen hasten da dokumentalaren proiekzioarekin, eta datozen bi egunetan emango diote jarraipena. 

Bihar -apirilak 5- Lorratzean lana ikusteko aukera egongo da Laudioko Gardea auzoko gune okupatuan. Nor taldeak ekoitzi du ikus-entzunezkoa, eta mugimendu antiespezistaren historia du hizpide. 

Asteazkenean, aldiz, saio bikoitza eskainiko dute. Gurean eta Donbass, gerra Europaren bihotzean lanak proiektatuko dituzte. 

Saio guztiak 19:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da.

Korrika Txikia Urduñan

Urduñan ere hainbat jarduera dituzte oraindik egiteke. Iragan ostiralean burutuko zuten Korrika Txikia, baina atzeratu egin zuten azkenean, eguraldi txarra dela eta. 

Gauzak hala, bihar egingo dute dinamika. 11:00etan abiatuko da Korrika Txikia Foru plazatik, eta handik ordubetera irakurriko dute manifestua, hiriko ikastetxeen eskutik. Azaldu dutenez, ibilbidea plazan amaituko da eguraldi ona egiten badu. Euria egiten badu, ordea, herri eskolako patiora mugituko dute amaiera ekitaldia.  

Arratsaldean jarraituko du festak, 16:30etatik aurrera, Kokorikoren 'Korrika diskofestarekin', Korrikako zozketaren irabazleentzako oparien banaketarekin eta txokolatadarekin. 

Ostiralean, aldiz, Beatriz Egizabalen bakarrizketa egongo da, 19:00etan Alondegian, Korrika Kulturalaren barruan.

Donostira joateko eskualdeko autobusa

Igandean amaituko da Korrika Donostin, eta bertara joateko aukera izango dute aiaraldearrek, eskualdeko autobusa antolatu baita. 

Ondorengo tokietatik abiatuko da:

  • Urduñan, 8:30ean Suhiltzaileetatik.
  • Amurrio, 8:45ean elizaren albotik. 
  • Laudio, 9:00etan Aldaikoerreka plazatik. 

Itzulera, aldiz, 19:30ean izango da Donostiatik. Tiketek 12 euro balioko dute eta izena emateko bi modu egongo dira: Laudio eta Amurrioko AEK euskaltegietara bertaratuta edo mezua bidalita ondorengo helbide elektronikoetako batera: laudio@aek.eus edo amurrio@aek.eus.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide