3.000 metro karratu baino gehiago hartuko ditu Ekiola enpresak Saratxon, plaka fotoboltaikoak instalatzeko

Aitor Aspuru Saez 2022ko api. 5a, 07:00

1.818 plaka fotoboltaikoren instalazioa iragarri zuten atzo. / Wikipedia

Arabako Foru Aldundiak, Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Taldeak sustatu nahi dute kooperatiba eratzeko. Guztira, megawatt bat sortuko luke azpiegiturak.

Ekiola egitasmoa aurkeztu zuten atzo arratsaldean Laudioko Kultura Etxean. Arabako Foru Aldundia, Energiaren Euskal Erakundea eta Mondragon Taldea dira horren sustatzaileak eta proiektua proposatu zuten Aiaraldean, 'Ekiola Araba' deiturikoa.

Horrela, hiru erakundeek megawatt bat sortzeko azpiegitura instalatu nahi dute Saratxoko inguruetan. Bileran aipatu zutenez, dena nahiko aurreratua daukate prozeduraren aldetik. Hitzaldian parte hartu zuen laudioar batek adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari 1.818 plaka fotoboltaiko jarriko dituztela: "Aintzat hartuta plaka bakoitzak 2 metro karratu okupatzen duela, gutxienez 3.000 metro karratu hartuko dituzte".

Bultzatzaileek iragarri zuten, antza, tentsio ertaineko sare elektrikoa dagoela bertan eta energia sortzeko behar den azpiegitura guztiak aurreikusi dituztela jadanik. 

500 bazkide

Foru Aldundiaren, EEEren eta Mondragon Taldearen helburua da 500 bazkide inguru lortzea eta bakoitzak bere etxeko kontsumoaren araberako partaidetza izatea sozietate kooperatiboan. Horretarako, dena den, enpresa banatzailea ere sortu beharko da.

500 bazkide horiekin, erakundeek utziko lukete euren esku enpresaren %70a. Atzo adierazi zutenez, proiektuaren kudeaketak 250.000 euro inguru balio ditu eta asmoa egikaritzea milioi bat euro baino gehiago. Dena den, 2023rako martxan egotea nahi dute.

Gaur Amurrion

Interesdunek proiektuaren berri izateko aukera izango dute gaur Amurrio Antzokian 19:00etan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide